Ekonomiaren bilakaera baikorra dela eta, Gipuzkoako Ogasunak 2025eko diru sarreren aurreikuspenak emendatu berri ditu. Itziar Agirre, Ogasun foru diputatuak aste honetan egindako Gipuzkoako Finantza Kontseiluan jakinarazi duenez, honek eragina izango du Gipuzkoako udalek FOFIM funtsatik jasoko duten ekarpanari dagokionez. Zehazki, aldundiak urtero biztanleen beharrei aurre egiteko udal erakundeei egiten dien populazioaren araberako diru banaketa 20 milioi eurotan emendatuko baitu 2026 urtera begira. Orotara 694 milioi euro izango dira, aurreikusitakoa baino %3 gehiago, eta 2024 urtean banatutakoa baino %10 gehiago.
Gipuzkoako Finantza Kontseilua bildu ondotik, Eider Mendoza diputatu nagusiak Gipuzkoako Batzarretan egindako agerraldian aditzera eman duenez, Gipuzkoako Ogasunak 2025 urteko zerga-bilketa aurreikusitakoa baino %9,4 handiagoa izango da. Mendozak argitu duenez, ekonomiaren bilakaera ona da, Gipuzkoako langabezi-tasa %4,1ekoa den bitartean, enpresen salmentek %2,3 egin dute gora, eta Gipuzkoako barne-produktu gordina (BPG) %2 emendatu da, eta ogasunaren diru-sarreretan eragin zuzena izan du.
Honek ondorio zuzena izango du Gipuzkoako udalerriek datozen asteetan negoziatuko dituzten 2026ko Udal Aurrekontuetan. Izan ere, udal erakundeen urteko aurrekontuen diru-sarreren erdia inguru aldundiak banatzen duen FOFIM funtsatik eratorria da.
Diru banaketa hau udalerri bakoitzaren biztanle kopuruaren araberakoa izanik, Donostia izango da aurreikusten ez zuen sarrera gehigarririk handiena jasoko duena. Baina Irungo Udalaren kasuan (63.500 biztanlerekin Gipuzkoako bigarren hiria), 2025 urterako diru-sarrera partida hau 56.412.364 euroetatik 61.083.859 eurotara emendatuko da, iaz 3,5 milioi euro gehiago. Hondarribiko Udalak bere partetik (17.000 biztanle), 2026an 18.390.862 euro jasotzeko prebisioa zuen, eta 19.425.884 euro eskuratuko ditu, milioi euro gehigarri, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kontuen eguneraketaren ondoren.