Lehen kontzertua: organoa, perkusioa eta tronpeta uztartuz
Zikloaren lehen hitzordua urriaren 19an, igandean, 18:30ean izango da. Lesakako Organo Roquésaren Lagunen Elkarteak antolatuta, kontzertu honek organoa eta perkusio historikoa uztartuko ditu, estilo askotako piezetan. Horietan bi instrumentuek tarteka rol solista eta laguntzaileak izango dituzte, eta zenbait piezatan tronpetaren doinuak ere gehituko dira, dantza eta barrokoaren melodiak distiratsuz jantziak.
Errepertorioa José Luis Olaechea organista eta konpositore lesakarraren lan batekin borobilduko da. Parte-hartzaileak izango dira Iñigo Morentín (organoa), Albert López (perkusioa) eta Unai Eseberri (tronpeta).
Bigarren kontzertua: organoa eta Easo abesbatzaren ahots lodiak
Azaroaren 1ean, larunbatean, 18:30ean, Lesakako Abesbatzak hartuko du lekukoa, Easo abesbatzaren ahots lodiak protagonista izango direlarik. Bi zatitan banatuko da programa: lehenengoan, Jesús Guridiren “Réquiem” Meza aukeraketa bat eskainiko dute, organoa eta abesbatza bat eginez euskal konpositore handiari omenaldi. Bigarren zatian, euskal folkloreari egingo zaio lekua, pianoz lagundutako abestien bidez.
Hirugarren kontzertua: hiru txirula eta organoaren arteko elkarrizketa
Zikloa azaroaren 23an, igandean, 18:30ean itxiko da, soinu leun eta intimo baten proposamenarekin. Organoa hiru txirula traveserekin elkartuko da: Roberto Casado, Ana Sarobe eta Olatz Rojo izango dira haizetarako arduradunak, eta organoan Víctor López arituko da.
Kontzertu guztiak Lesakako Udalaren babesarekin egingo dira. Easo abesbatzaren emanaldia izan ezik, gainontzekoetan 5 euroko ekarpen borondatezkoa eskatu da antolakuntza gastuak estaltzeko.
Gainera, emanaldi guztiak pantaila handian proiektatuko dira, ikusleek elizako korutik egiten den interpretazioa zuzenean jarraitu ahal izan dezaten