Irailean Katalunian dantzan aritu ziren Berako Gure Txokoa dantza taldeko dantzariak. Izan ere, Ball de Cercolets Igualadako dantza taldearekin elkartrukea antolatu zuten, eta asteburu bat bertan pasa ondotik dantzari kataluniarrak Beran izanen dituzte bisitan heldu den asteburuan. Emanaldi berezia prestatu dute larunbaterako (Urriak 25); Eztegara pilotalekuan eginen dute arratsaldeko 19:00etan, eta Irungo Kemen Dantza taldea ere haiekin izanen dute.
«Azken detaileekin lanean» ari direla azaldu digu Lorena Perez Gure Txokoa dantza taldeko kideak. Herriko dantza taldeko antolatzaileetako bat da, eta larunbateko dantza emanaldirako «gogoz» daudela erran digu.
Gure Txokoa dantza taldea 1971. urte ingurutik ari da Beran euskal dantzak sustatu, mantendu eta zabaltzen: «Herriko dantza talde bakarra da euskal dantzak ematen dituena. Dena borondatezko lanez egiten dugu, eta urteak pasa ahala hor segitu dugu belaunaldiz-belaunaldi. Orain gu handien taldean aritzen gara, baita antolatzen ere. Ume pila bat ditugu taldean, eta haiei klaseak emateaz gain irteerak eta emanaldi bereziak egiten ditugu urteak iraun bitartean», aipatu digu.
Asteburu seinalatuan, emanaldi berezia
Ez soilik prestatu duten dantza emanaldiagatik, baina baita horren ondorioz ere, asteburu berezia izanen da Beran heldu den hau. Hain zuzen, Lurraren Eguna ospatuko dute igandean, eta bezperatik ohikoa da herrian giroa sumatzea: «Asteburu polita izaten da. Igandean izugarrizko giroa egoten da herrian, eta larunbatean bezpera izanik gazteak gogoz egoten gara. Asteburu aproposa iruditzen zitzaigun emanaldia egiteko».
Erabaki eta egin. Igualadan irailean pasa zuten asteburua «itzuliko» diete dantzari kataluniarrei, eta dantzari irundarrak ere gonbidatuko dituzte plan horretara. Ez da Beran egiten duten lehendabiziko elkartrukea, azken aldian Portugalen izan baitziren gisako zerbait egiten: «Azkena Portugalen egin genuen eta esperientzia polita izan zen; bagenuen errepikatzeko gogoa. Instagramez hasi ginen gonbitak zabaltzen, gaur egun izugarrizko erreztasuna baitugu horretarako. Mezuak idazten hasi ginen, eta azkenean, Igualadako neska hauek baiezkoa eman ziguten. Gure adin ingurukoak ziren eta hagitz ongi pasatu genuen», azaldu du Perezek.
Irailean Igualadan «asteburu okupatu eta polita» izan zen bizi zutena, eta Beran berdintzeko asmoz pretsatu dute larunbateko ekitaldia, Irungo Kemen Dantza taldea planera gehituta: «Aprobetxatu nahi genuen Igualadatik zetozela Euskal Herriko talde bat gonbidatzeko, eta emanaldia borobiltzeko. Ideia ona iruditu zitzaigun Irungo Kemen dantza taldea gobidatzea, hemen bertan daudelako eta bizilagunak direlako. Ezagunak genituen batzuk, eta proposatuta prest agertu ziren».
Larunbatean, 19:00etan
Hiru dantza taldeen parte hartzearekin beraz, larunbatean, 19:00etan Eztegara Pilotalekuan hitzordua izanen dute. Talde bakoitzak bere dantzak dantzatuko ditu, baina «protagonismoa haiek» izanen dutela azaldu digu Perezek: «Gu bigarren plano batean egonen gara. Talde bakoitzak bere emanalditxoa eginen du, eta akaso, bukaeran, denak elkarrekin».
Emanaldiaz gain, eguraldia lagun baldin badute behintzat, asteburua elkarrekin pasatuko dute ekintza ezberdinak eginez.