Abeltzainek Lesakako Udalari bizkarra eman eta, protesta gisa, ez dute aziendarik plazara aterako

Antxeta Irratia 2025ko urr. 21a, 10:56

Azken urteetan feria eguna aldatzeko prozesua eskatu diote abeltzainek Lesakako Udalari, eta aurten «gaia garaiz planteatuta ere, hamar hilabeteren buruan ia ez da aitzinera pausurik eman». Abeltzainak haserre dira, eta azaroaren 20an azienda plazara ez ateratzea erabaki dute protesta gisa. Lehen sektoreko postu eta makina saltzaileei ere, protestara elkartzeko gonbidapena luzatu diete, «lehen sektorea egin beharren beheko kajoian gordetzerik» nahi ez dutela aldarrikatzeko.

 

Lesakako feriak azaroaren 20an iragarriak daude, baina Bortzirietako abeltzainek azienda plazara ez ateratzea erabaki dute. Urtero 200 abelburu inguru bildu ohi dira plazan. Baina urriaren 19an, Lesakako ferietan aziendak ateratzen dituzten abeltzainek egindako bilera batean hartu zuten erabakia, «urtean zehar Lesakako Udaleko ordezkarien jarrera zein izan den kontuan hartuta». Abeltzainek diote sei urte daramatzatela feria eguna aldatzeko eskatuz, baina inork ez duela hori hala izan dadin egin beharreko prozesua garaiz abiatu. 

Alabaina, urte hasieran abeltzainek bere gain hartu zuten eguna aldatzeko prozesua abiatzeko asmoa, eta udalera jo zuten. Urtarrilean izan zuten lehendabiziko bilera abeltzainek udal ordezkariekin. Eta orduz geroztik, hainbatetan izan dituzte harremanak, «gehienetan abeltzainek eskatuta, baina hamar hilabeteren buruan ia ez da aitzinera pausurik eman». 

Abeltzainak kexu dira, «behin eta berriz udalera jo dugulako alternatiba bila, prozesua behar den bezala eta behar den jendeak parte hartuta aitzinera eramateko». Aldiz, erabakia behin eta berriz gibeleratu duela leporatzen diote udalari. «Galdeketa eginen duela erran du udalak, baina ez da aurten izanen. Hamar hilabete ez al dira aski denbora prozesu egoki bat planteatzeko?», galdetzen dute abeltzainek. 

Alde horretatik, irailean egin zen besta batzordean, abeltzainek jaso zuten tratua «lotsagarria» izan zela uste dute. «Aitzinetik hitz egindako gauzak ezerezean utzi zituzten, behin eta berriz errepikatuz kontu hau ez zela lehentasunezkoa udalarentzat, edota gutako batzuen fede ona zalantzan jarriz», salatu dute. Parte hartze ordenantzaren arabera antolatzeko galdeketa egiteko denbora izan dutela jakinarazi zien udalak bertan, baina abeltzainek diote, ordenantza ez zela uztailera arte Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.

Hau guztia kontuan hartuta, azaroaren 20an plazara aziendarik ez ateratzea adostu dute abeltzainek, eta lehen sektoreari lotutako postu eta makina saltzaileei ere, protestara elkartzeko gonbidapena egin diete: «Ez dugu nahi lehen sektorea egin beharren beheko kajoian gordetzerik! Lehen sektorea eta aziendak feriak bizirik nahi ditugu!», aldarrikatu dute.