Pobreen eta aberatsen arteko errentaren aldeak amildegi bat irudikatzen dute Bidasoaldean

Koldo Nausia 2025ko urr. 21a, 12:08

Udalerri bakoitzaren batez besteko errentaren datuetatik harago, Eustat-ek plazaratu berri duen txostenaren arabera, pobreziaren arrakala nabarmena da Irungo eta Hondarribiko familien artean. Errenta apalena duten famili-unitate hondarribiarren %20ak batez bestean 12.083 euroko diru sarrerak dituzten bitartean, %20 aberatsenek 153.924 euroko errenta deklaratu dute. Irunen, aldiz, errenta apalenak dituzten familiek, urtean 11.952 euroko errenta deklaratu dute batez bestean, eta diru sarrera oparoenak dituzten 10 irundarretik bik, aldiz, urtean 106.463 euroko errenta dute.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak urriaren 20an plazaratu berri dituen familien diru-iturrien datuei buruzko azken inkestak Irun eta Hondarribiko biztanleen arteko aberastasunaren banaketa oso ezberdina erakutsi du. Hala bi udalerrien artean eta Gipuzkoako batez bestekoekin alderatuta, nola udalerri bakoitzean ere, familia zaurgarrien eta aberatsenen arteko aldeari dagokionez. 

Izan ere, udalerri baten biztanleriaren batez besteko errentak argazki orokor bat besterik ez den bitartean, Eustat estatistika institutuak argitaratu dituen datuen arabera, Irunen zein Hondarribian lanaren errenta sarrerak zein higiezinen eta inbertsio-higigarriengatik herritarrek urtero daukaten errenta erabilgarri datuek, pobreziaren eta aberastasunaren arteko amildegi bat irudikatzen dute.

Lanaren errentari esker irundar familiek batez bestean 27.349 euroko diru-sarrerak dituzten bitartean, hondarribiarren kasuan 33.327 euroko sarrerak dituzte, Gipuzkoako 31.555 euroko batez bestekoaren gainetik. Baina lanetik haragoko inbertsioetatik jasotako irabaziak kontuan hartzen baditugu, Irungo biztanleen errenta osoa 40.938 eurokoa den bitartean, hondarribiarren kasuan 51.152 eurotaraino emendatzen da errenta erabilgarria.

Amildegi bat, bi errealitate

Baina datu orokorretatik harago, aberastasunaren banaketan aldeak are nabarmenagoak dira, udalerri bietako biztanleen artean, gutxien eta gehien dutenen arteko datuak alderatzen baditugu.

Alde horretatik, Eustat-ek bildutako datuen arabera, errenta apalena duten irundar familien %20ak 11.952 euroko diru-sarrerak dituzten bitartean, errenta handienak dituzten %20 irundarrena urtean 106.463 euroko da batez bestean. Era berean, irundarren %50 errenta apalenak aintzat hartzen baditugu, 22.813 eurokoa da familiaka, beste gizartearen erdia, aldiz, %50 aberatsenarena 74.113 eurokoa da. 

Hondarribian, aldeak are handiagoak dira. Izan ere, diru-sarrera apalenak dituzten 10 hondarribiarretik bost 25.960 euroko errenta daukate etxean. Eta beste %50 errentarik aberatsenek 100.003 euroko diru-sarrerak deklaratu dituzte. Modu berean, errenta apalena dutenak aintzat hartzen baditugu, hondarribiarren %20 familia pobreenak, 12.083 euroko errenta deklaratu duten bitartean, %20 aberatsenek 153.924 euroko errenta deklaratu dute.