Ez da lehenengo aldia Interneteko erorketei buruz hitz egiten duguna, eta tamalez, ziur aski ez da azkena izango. Kasu honetan, Amazon izango da gure protagonista, bere AWS zerbitzu ospetsua hain zuzen ere.
Zer gertatu da?
AWS, datuak gordetzeko eta zerbitzu digitalak eskaintzeko munduko azpiegitura ezagunenetakoa da. Milioika webgune eta aplikazio bertan oinarritzen dira, eta azken asteotan Estatu Batuetako datu-zentru batean izandako arazo batek kaosa eragin zuen: DNS sistemak huts egin zuen. DNSa Interneteko mapa moduko bat da, helbideak itzultzen ditu izenetik IP helbideetara. Mapa hori gabe, aplikazioak martxan jarraitu arren, ezinezkoa da haiek topatzea eta horrek, noski, erorketa masiboa ekarri zuen.
AWS Amazonen parte da, eta GAFAM talde ospetsuko “A” hori bera. Interneteko trafikoaren heren bat bere zerbitzarietatik igarotzen dela estimatzen da, eta horrek erakusten du arazoaren tamaina: AWSk huts egiten badu, sarearen zati handi bat gelditzen da. Hau da, gure mundu digital zentralizatuaren ahulgunea agerian geratzen da —dena toki bakar batean oinarritzen denean, puntu hori erortzeak guztiaren gainbehera ekar dezake.
Ondorioak gure egunerokoan
Gero eta konektatuago dagoen gizarte batean, Interneten erorketak eragin fisiko nabarmenak ditu: dendak ezin kobratu, langileak ezin lanera sartu, edo egoitza batean ohe adimendunak erotzen. Kasu bitxi hori azpimarratzekoa da: egoitza bateko oheak ahotsaren bidez kontrolatzen dira —berotu, altxatu, jaitsi—, baina AWS gabe, sistemak zoratzen hasi ziren, mugimendu eta bero automatikoekin. Zorionez, ez zen kalterik izan, baina gertakariak galdera sakon bat uzten du airean:
zergatik dago ohe bat hodeiaren menpe? Zergatik ezin dira funtzio horiek lokal batean gorde? Eta, garrantzitsuena: non dago B plana?
Ospitale batean argindarra badoa, generadore bat pizten da; baina Interneten hodeia erortzean, ez al dago beste sistemarik?
Eta soluzioak?
Eredu zentralizatuen arazoak agerian geratu dira. Horren aurrean, bi bide nagusi aipatu daitezke: zerbitzari propioak eta federazioa.
Hau da, datuak eta zerbitzuak puntu bakar batean ez gordetzea, baizik eta hainbat toki independenteetan banatzea. Sare baten logika da —izar baten ordez sare baten antolaketa—, non puntu bat erorita ere, gainerakoa martxan jarraitzen duen. Interneten hasierako espirituarekin bat dator hori, deszentralizazioaren eta elkarbanatzearen filosofia bera.
Adibide argi bat Kataluniako independentzia erreferendumean gertatu zen: guardia zibilak errolda digitala blokeatzen saiatu ziren, baina sistemak federatutako egitura zuenez, ez zuten lortu guztiz ixtea. Elementu bat kentzeak ez zituen besteak erorarazi.
Azken finean, amamen esaera zahar bat gogoratu behar dugu: ez sartu sagar guztiak saski berean.
Informatikan ere, hori da gakoa: zerbitzu kritikoek B plan bat izan behar dute, beste zerbitzari batzuk fisikoki beste toki batean egon daitezen, eta hodeia erortzen denean, gure mundu digitalak taupaka jarrai dezan.