Googlek ateak estutzen ditu: Androiden askatasuna kolokan

Aitor Errazkin 2025eko azaroaren 4a

Teknofrekuentzian berriz ere Google izango dugu hizpide. Android sistemari buruz hartu duen azken erabakiak hautsak harrotu ditu komunitate teknologikoan. Segurtasuna aitzakia hartuta, app-en instalazioa mugatu nahi dute. Baina muga hori, segurtasunaren mesedetan ala kontrolaren izenean ote da?

Googlek irailaren amaieran iragarri zuen aldaketa handi bat: 2027tik aurrera, Android sisteman edozein aplikazio instalatu ahal izateko, haren garatzaileak Google-n izena emanda egon beharko du. Bestela, sistema eragileak ez du app hori instalatzen utziko. Hori guztia, teorian, segurtasunaren izenean.

Baina, galdera nagusia da: zer dago benetan erabaki honen atzean?

APK-ak: askatasunaren atea

Androiden indargune nagusietakoa beti izan da malgutasuna. iPhoneen ez bezala, Android erabiltzaileek nahi duten app-a instalatzeko aukera izan dute betidanik, apk fitxategien bidez. Horri esker jaio dira app denda alternatiboak, hala nola F-Droid edo Droid-Ify.

Plataforma hauek filosofia oso ezberdina dute Google Playrekiko: garatzaileen iturburu-kodea aztertzen dute, tracker edo publizitate sistemarik ez dutela bermatzen dute, eta erabiltzaileei publizitaterik gabeko eta monetizaziorik gabeko aplikazioak eskaintzen dizkiete.

Adibidez, eguraldia jakiteko app bat bilatzen badugu, Google Play-n gehienek datuak hirugarrenei bidaltzen dizkiete; F-Droiden, berriz, datuak ez dira inora ateratzen.

Sinadura eta gardentasuna: segurtasun errealaren bi giltzak

Software libreko dendetan aurkitzen diren app guztiek bi berme dituzte:

Dendaren sinadura daramate, jatorria ziurtatzeko.

Kode irekia dute, edozeinek azter dezakeena.

Horrek esan nahi du teknikari batek benetan ikus dezakeela app batek zer egiten duen eta zer datu bidaltzen dituen. Google Playko aplikazioak ere sinatuta daude, baina denok dakigu birusak eta aplikazio maltzurrak sarritan pasatzen direla Google-ren kontrol iragazkitik.

Googlek kontrol handiagoa, komunitateak askatasun gutxiago

Googlek proposatutako neurriak garatzaile guztiei Android Developer Console plataforman izena ematea eskatzen die. Horrek nortasun agiria igo eta 25 dolar ordaintzea dakar, nahiz eta kontu doakoa izateko aukera bat egon.
Arazoa da: kontu horrek ez du aukera emango edozein modutan aplikazioak banatzeko. Googlek ez badu garatzailea bere sisteman “fidagarritzat” jotzen, app hori ezin izango da modu arruntean instalatu.

Teknikoki, oraindik izango da posible adb bidezko instalazioa (garatzaileen tresnak erabilita), baina hori ez da erabiltzaile arruntarentzat aukerarik: ezagutza teknikoak behar dira eta arriskua handiagoa da.

Beraz, Googlek "segurtasuna" aipatzen badu ere, emaitza praktikoa beste bat da: kontrol handiagoa aplikazioen banaketan eta askatasun gutxiago erabiltzaile eta garatzaileentzat.

Europako legea eta monopolioaren muina

Zorionez, Europan badago kontrapisu bat: DMA (Digital Markets Act) edo Merkatu Digitalen Legea. Lege horrek enpresa teknologiko handien monopolioaren aurka egiten du, eta printzipio argia ezartzen du: erabiltzaileek edozein iturburutik aplikazioak instalatzeko eskubidea izan behar dute.

Horrek esan nahi du Google edo Apple bezalako enpresek ezin dutela legez mugatu instalazio prozesua, ezta “segurtasunaren izenean” ere.
Legeak ez du "instalatzeko eskubidea" espresuki deitzen, baina bere xedapenek praktikan hori babesten dute: erabiltzaileek aukeratzeko askatasuna izan behar dute, eta garatzaileek beren aplikazioak banatzeko modua aukeratzeko ahalmena.

Zer etorriko da orain?

Bada, ikusiko dugu nola gauzatzen den neurri hau eta zer erantzun ematen duen Europako Batzordeak. Baina argi dago: Androiden askatasuna izan da orain arte sistema honen ezaugarri nagusia, eta muga hauek horri kolpe handia eman diezaiokete.

https://f-droid.org/en/2025/09/29/google-developer-registration-decree.html
https://hackaday.com/2025/10/06/google-confirms-non-adb-apk-installs-will-require-developer-registration/
https://applandeo.com/blog/your-go-to-guide-to-digital-markets-act/