tortura

Pello Alcantarilla: «Jendeak ez daki Estatuak zein min egin duen; errelatoa egiten bada, osorik egin behar da»

Ekhiñe Zapiain 2025ko urr. 30a, 10:52

Pello Alcantarilla preso oihak Diego Perez de los Cobosen kontrako kereila aurkeztu du torturengatik, eta Giza Eskubideen Euskal Behatokiak (GEBehatokia) eskatu du berriz ere irekitzeko salaketa. 2005ean artxibatu zuten auzia, eta Alcantarillaren testigantzak «sinesgarritasun osoa» duela iritzita, kasua berriz ere aztertzeko eskatu dute. Gertatu zitzaiona kontatzera hurbildu da gurera Alcantarilla, eta argi adierazi du: «errelatoa eginen bada, osorik egin behar da».

Batzuetan hitzak ikusi egin daitezke, eta hori gertatu da Pello Alcantarilla 2004ko urriaren 3an gertatu zitzaiona kontatzen hasi denean. Izan ere, egun horretan atxilotua izan zen, eta Tres Cantoseko komandantzian zein bertarako bidaian tratu txarrak eta torturak pairatu zituen Guardia Zibilaren eskutik. Azken egunotan, Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelaren kontrako kereila bat aurkeztu berri du, orain dela urte batzuk telebistan ikustean ohartu baitzen «han zegoena bera zela».

Hain zuzen, azken urteotan Guardia Zibilaren barnean ardura postuak izan ditu De los Cobosek, eta Kataluniako 2017ko erreferendumaren aurkako polizia operazioa hark gidatu zuen, baita 2019an harengatik deklaratu ere Espainiako Auzitegi Gorenean. Noiznahi agertu zen telebistan garai horretan, eta orduan ikusi zuen Alcantarillak berak ere: «Ikusi nuenean esan nuen: bera da; han zegoen nire atzean. Hasieran beste gauza batzuetan nuen burua, baina ikusi nuenean procés-eko errepresio arduretan zegoela eta ohartu nintzenean zein lotura zuen Estatuko aparatuekin… hor mugitzen hasi nintzen», adierazi du.

2004ko urriaren 3a

Aurkeztu berri duten kereilaren nondik norakoak ulertzeko, 2004ko urriaren 3ra luzatu dugu begirada. Izan ere, egun horretan bertan atxilotu zuen Guardia Zibilak Alcantarilla, Burgosen furgoneta batekin lanean ari zela: «Zerbitzugune batera iritsi nintzen, eta nire atzetik nituen. Furgonetatik aterarazi eta eskuak lotu zizkidaten. Nik galdetu nien zer gertatzen zen, eta terrorista nintzela esaten hasi ziren. Emaztea eta alaba nun zeuden galdetu nien, eta esan zidaten haiek zituztela».

Haien ibilgailuan sarrarazi zuten, eta xehetasunak eman dizkigu ondotik etorri zenari buruz: «Eskuak atzean nituen eta burua belaunen artean sarrarazi zidaten. Ateak itxi zituzten, eta musika bolumen altuan jarri. Ordu eta piku egon nintzen dardarka, erabat beldurtuta (…) Esaten zidaten ez nintzela gazte bat, eta banekiela zer zen Guardia Zibila. Nik esaten nien nahastuak zeudela, abertzalea nintzela baina… eusten saiatzen nintzen. Madrilera iristean zai izango nituela esaten zidaten».

Modu horretan egin behar izan zuen Madrileko Tres Cantos komandantziarako bidea. Bertan baina, ez zen hobetu egoera: «Iristean zelda batean sartu ninduten. Mediku forentsearengana eraman ninduten, eta berriro ziegara, ia arrastaka. Pikoloak latex-eko eskularruak jartzen ari ziren, eta karatula kenduta paretaren aurka jarri ninduten. Hor hasi zen dena. Gogorra izan zen».

Irainka eta kolpeka hasi zitzaizkion orduan: «Fils de pute, hijo de puta esaten zidaten. Barrabilak tenkatzen zizkidaten, oihuka eta irainka. Atmosfera batean nintzen; ulertezina zen. Banekien zer zen Guardia Zibila, eta banekien haien eskuetan nengoela. Jotzen ninduenak bapatean esan zuen poltsa ekarriko zutela eta jarriko zidatela, eta 5 egun eta 5 gau zituztela ni birrintzeko».

Poltsaren mehatxua entzun zuenean erran zien Alcantarillak solas eginen zuela, eta hura izan zen De los Cobos ikusi zuen momentua: «Momentu hori beti oroitzen dut, ero baten moduan etorri zenean eta izerditan bere sudurra nire ondoan jarri zuenean esateko: De militar a militar, si cantas todo no te toca nadie en 101 dias. Momentu horretan atzean entzun nuen gracias comisario. Biratu nintzen, eta ate ondoan zegoen De los Cobos. Hasieran ez nintzen konturatu zein zen».

Ikusi eta kontatu

Hiru hilabete Soto del Realeko presondegian eman zituen Alcantarillak, eta ostean estraditatu egin zuten. Le Vert epaileak «gaizki» zegoela deliberatuta, Parisko Fresneseko espetxera lekualdatu zuten, «ondoan ospitalea zuelako eta kide gehiago zeudelako han». Alcantarillak espetxean zortzi urte egin zituen, eta egun lanketa bat egina du gertatu zitzaionaren harira: «Fisikoki ez dut esango, baina psikologikoki ederki nago. Zoriontsua sentitzen naiz nire familiarekin eta nire herriarekin».

Orain dela urte batzuk bere testigantza eman izanak erreakzio ugari sortu zituen, tartean Katalunian: «Ikusi nuenean zein ardura zuen Kataluniako erreferendum eguneko errepresioan, nire buruari esan nion salatuko nuela, eta BERRIAri deitu eta elkarrizketa egin nuen. Garai horretan kasualitatez TV3ko programa batean De los Cobosen monografiko bat egiten ari ziren, eta kamerekin etorri eta elkarrizketatu ninduten. 800.000 pertsonak ikusi omen zuten», azaldu du.

Pasa den ortziralean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren ordezkari batek, Euskal Herriko Torturatuen Sareko kide batek, Pello Alcantarillak berak eta Aiert Larrarte bere abokatuak prentsaurrekoa egin zuten aurkeztu duten kereilaren nondik norakoak azaltzeko. Bertan adierazi zuten «koherentea zela Perez de los Cobosen presentzia atxiloketaren egunean zuen karguarekin eta garai hartan Madrilen zuen destinoarekin, Frantziaren eta Espainiaren arteko koordinazio eta lankidetza organoetan zuen eginkizunarekin, eta polizia kidegoek terrorismoaren aurkako borrokaren bilakaeran estrategikotzat jo zuten operazioaren garrantziarekin». 

Isiltasun paktua

Alcantarillak sentitzen du nahiz eta berak kereila aurkeztu edo testigantza eman, isiltasun paktu handi bat dagoela torturaren gaiaren bueltan: «Oso ondo dago torturak salatu eta saretzea, baina iruditzen zait gure inguruan gelditzen dela hori, eta hortik gaindi isiltasun osoa dagoela. Ez dute nahi torturaren auzia gizarteratu dezagun. Sekula ez dute egin, zaila da hori. Jendeak ez daki Estatuak zein min egin duen, eta errelatoa egiten bada, osorik egin behar da. Hor lan asko daukagu egiteko», erran du.

Gizarteak gaia sozializatzeko lana egin arren, Alcantarillak salatu du goi-karguetan dauden egitekoa ere badela: «Beti egon da isiltasun paktu handi bat, eta hortik ateratzea eta blokeo hori puskatzea oso zaila da. Beldur asko dute, miseria morala baitute egin dutenarekin, eta badakite orain artean ez dutela onartu».

Hala ere, kereilarekin hasi duen bidean segitzeko prestu agertu da: «Behatokiak lan ederra egin du De los Cobosen azterketa egiterako orduan. Eta tira, salatzea eta kereila egitearekin eskatzen duguna da berriro irekitzea. Horretan ez naiz optimista, baina hor gaude, eta pozik geratu naiz».