Berako Kanttonberrin eta Toki Onan berdez markatuta dauden egoiliarren aparkalekuetan aparkatzeko derrigorrezkoa da bereizgarri berdea izatea, eta horiek banatzen hasiko da udala azaroaren 3an. Heldu den bi urteetan aparkatzeko aukera emanen dute txartelek, eta banaketa herriko etxeko bulegoan eginen da bulegoko ordutegian: 08:30ean hasi eta 13:30ak arte. Itsasgarria hartzeko NANa aurkeztu beharko dela argitu dute.
Auto bakoitzeko zenbakidun bineta emanen dute, eta behin hori hartuta, ezinen zaio itsasgarria bertze pertsona bati eman. Bulegora bila joan ezin duenak, ordea, baimena ematen ahal dio hirugarren bati hori hartzeko. Horretarako titularraren NANaren kopia aurkeztu beharko du paperean edo mugikorrean, eta jasotze agiria sinatu beharko du.
Bereizgarri horiek entregatzen diren unetik aitzinera izanen dira baliozkoak. Zaharrek, berriz, 2025eko abenduaren 31n galduko dute balioa. Baina heldu den urteko urtarrilaren 1etik aitzinera berriek behar bezala jarriak izan beharko dira erreserbatutako plazetan aparkatu ahal izateko.
Bestalde, Alkaiaga eta Zalain Zokoko auzoetan bizi direnek ere egoiliarren bereizgarria eskatu ahal izanen dutela aditzera eman du udalak, eta horretarako, ibilgailuaren titularraren NANarekin batera, Lesakako errolda ziurtagiria eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren azken ordainagiria aurkeztu beharko dituzte. Ordenantzak dioenaren arabera, zerga hori Beran ordaintzen ez bada, 20 euroko tasa ordaindu beharko da bereizgarri berdea hartzeko.