Instalazio elektrikoa bidean, Hondarribiraino bidegorria noizko argitu nahi luke Balaztak

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 4a

Urriaren 16an hasi ziren Santiago auzoa Plaiaundirekin lotzen duen oinezko eta bizikletentzako egurrezko pasabide berria iluntzean argitzeko instalazioaren lanak. Sei astez itxita egongo da. Eta Balazta elkarteak pasabidea estreinatu eta 10 hilabetera argiztapena begirunez hartu badu ere, hu irekia mantentzea eskatu du, baita Irungo Udalari hau hobetzeko konpromisoa har dezala ere.

Balazta elkarteak poztasunez hartu du Pierre Loti ibilbideko pasabidean argiztapena jartzeko lanak hasi dituztela ikustea. Eusko Jaurlaritzak diruztatutako azpiegitura inauguratu eta hamar hilabetera, urriaren 16an, hasi ziren ibilbide hori argiztatzeko instalazio elektrikoaren lanak.

Orain artean ez bezala, «oinezkoak eta txirrindulariak segurtasunez ibili ahal izango dira argirik gabeko orduetan pasealeku osoan, eta horrek are gehiago handituko du azpiegitura hori egunero erabiltzen duten pertsonen kopurua», dio elkarteak. Hortaz, Balaztak positibotzat jotzen du «guztiz beharrezkoa» den lan horri ekitea. Baina hasierako obraren egikaritzearekin batera egin beharreko lanak zirela oroitarazi du.

Bidegorriari segida ematea

Izan ere, Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak Real Union ibilbideko (Santiagotarrak) bidegorria Plaiaundi natur parkearekin lotzeko egurrezko pasabidea aurrerapauso garrantzitsua izan zela aitortu zuen estreinatu eta berehala. Baina hainbat gabezia ere nabarmendu zituen. Batetik, Bidasoa ibaiaren bazterretik doan 1,2 kilometroko ibilbideak argirik ez zuela, hain justu. Eta bestetik, Plaiaundiko institututik aurrera Irungo bidegorri sarearekin loturarik ez zuela, eta bereziki Hondarribiarekin loturaren gabeziak, txirrindulariak GI636 saihesbidean sartzeko gonbidapen arriskutusa suposatzen zuela. 

Alde horretatik, 2016 urtean bizikleta eguneroko hiri-garraio tresna gisa sustatzeko neurriak aldarrikatu ditu Balaztak Bidasoaldean. Haien artean Mendelun Irun-Hondarribia arteko pasabide segurua. Orain, zentzu berean, Irungo Udalari hainbat ekarpen eta proposamen helarazi nahi izan dizkio elkarteak Txingudiko pasabidearen erabilera, mantenua eta segurtasuna hobetze aldera. Eta hau osatzearren, udal agintarien inplikazioa eskatu du tarte hori Hondarribiarekin lotzeko. Izan ere, gaur gaurko, institutuan eten eta inora ez doan bidegorria baita.

Bestalde, Pierre Loti kaleko bide bazterreko landaredia garbitzea eta Hendaiako egurrezko pasabidean igogailu batekin egin zuten antzera, Irungoa ere Avenida zubiarekin lotuko duen arranpla edo eskailera batzuk egitea.