Bagera-Nous Sommes elkarte feministak abortuari buruz hausnartzeko gaualdia antolatu du heldu den azaroaren 14an. Pausuko Emazteen Etxearekin eta Etcharryko ikasleekin lankidetzan, eta Hendaiako Herriko etxearen laguntzarekin "L'Événement" filmaren inguruko zinema-debatea proposatzen dute Les Variétés zinema aretoan.
Audrey Diwan zuzendariak 2021ean zuzendutako filma 1963an kokatua dago, Frantziako estatuan abortatzea debekatua zegoen garaian. Annie Ernauxek abortuari buruz idatziriko liburu batean oinarrituta dago, eta kartzela zigorraren mehatxuari buru eginez, bere ikasketak jarraitu ahal izateko abortatzea erabakitzen duen neska gazte baten istorioa kontatzen du. Emanaldia 20:30ean hasiko da, eta ondoren eztabaida egingo dute.
Bagera elkarteak parte hartzera animatzeaz gain, abortuari buruzko esperientziak partekatu eta norbere lekukotza eman dezaketen emakumeei deialdia luzatu die. Horretarako prest egon daitezkeen emakumeek elkarteko kideekin harremanetan jar daitezen eskatu dute. Honakoa ez da Bagera elkarteak abortuaz hausnartzeko antolatzen duen aurreneko hitzordua. Urruñako Itsas Mendi gelan antolatu zuen azkenekoan, adibidez, emakumeen oinarrizko eskubide honen aurkakoek ekitaldia zapuzten saiatu ziren. Izan ere, Frantziako estatuan herritarren %84a abortatzeko eskubidearen alde dagoela diote inkestek, baina honi buru egiten diotenen jarrera oso muturrekoa da, eta oraindik ere tabua den gaia da.
Hala ere, Frantziak duela bi urte 1954ko konstituzioa abortu eskubidea bermatzeko moldatu bazuen ere, oraindik ere zailtasun handiak topatzen dituzte emakumeek. Urtero 200.000 emakume inguruk erabakitzen dute abortatzea frantses estatuan, eta Bagera elkarteak aditzera eman duenez, beste herrialde batzuekin alderatuta, ondoko baja eskubidea oso epe laburrekoa da.