Joan den asteartean uso-saldo handiak ikusi ziren gure eskualdeko zeruak zeharkatzen. GIFS France erakundeak kontabilizatutako usomando (Columba palumbus) gehienak Urruñan begiztatu ahal izan ziren. Ehiza elkarteen federazioak plazaratutako datuen arabera, hegazti hauen udazkeneko migrazio sasoi honetan, dagoeneko 562.663 usok trabeskatu dituzte Midi-Pyréenées eta Akitanian ohikoak dituzten pasabideak. Eta Urruña dute epizentroa. Izan ere, horietatik 480.000 basauso inguru iragan dira bertatik, eta beste 84.000 bat Sara, Banka eta Arnegitik begiztatu dituzte.
Aste honetan zehar Iberiar Penintsularako migrazio bidea jarraituko dute, baina azaroaren 4 eta 5 izan dira orain arte ugarienak. Izan ere, asteartean aipatutako pasabideetatik 335.000 uso iragan ziren bitartean, atzo asteazkenean beste 215.000 kontabilizatu dituzte. Adituek azaldu dutenez, uso gehienak Urruña aukeratzen dute pasabide natural gisa, eta espezie honen Europako migrazio-gune nagusia bilakatu da azken urteetan, ohikoak ziren beste eremu batzuetan beherakada nabarmena eman delako.
Argitu dutenez, Suedian usoen presentzia ia desagertu egin den bitartean, Belgika eta Herbehereetan 439.000 erregistratu dituzte besterik ez, eta Italian espezie honen migrazioak geldialdi bat jasan duen bezala, Erresuma Batuan 140.000 besterik ez dituzte identifikatu, Mantxako Kanaletik Frantziarako bidean zihoazela.
GIFS France erakundeak emandako datuen arabera, aurten 2,5 milioi basausok zeharkatu dute Frantziako estatua bere ohiko migrazioan, eta horien %20 inguru Urruñatik pasa dira dagoeneko. Eta beste 108.000 inguru Pirinioetatik zeharkatu dute. Hortaz, oraindik ere ia bi milioi usok egin dezakete penintsularako bidea. Gure eskualdera Urruñatik sartzen badira ere, kostalderako bidea hartu ohi dute gero. Txingudi eta Jaitzubiako padurak atseden gune gisa dituzte, eta ondoren Irungo N-1 errepidearen ibilbidea jarraituz Donostialdera jo ohi dute kostaldetik urrunduz, Urnieta, Andoain eta Tolosaraino. Aldiz, hego-ekialdeko haizea dagoen egunetan, itsasbazterretik jarraitu dezakete Donostiaraino.