Eltzeta kalea eta Martxanpaita auzoa lotzen duen oinezko eta bizikleta bidea ireki dute Lesakan

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 7a

Bidasoko Bide Berdea eta Lesakako Martxanpaita auzoa elkartzen dituen 4,5 km-ko bidea ireki zuen ostegunean. Arcelor Mittal enpresak lurrak lagatu ditu proiektua gauzatzeko, eta 213.352 euroko inbertsioaren parterik handiena Nafarroako Gobernuak lagundu du.

Lesakako Eltzeta kalea eta Martxampaita auzoa lotzen dituen bidegorria ostegunean zabaldu zuten. Bidasoko Bide Berdearekin elkartzeko 4,5 kilometroko bizikleta eta oinezkoen bidea eskura daukate horrela lesakarrek. Udalak argitu duenez, Biurrana eta Onin erreka aldamenetik pasatzen da eta bide segurua eta erosoa da, eta beraz, herritarrak animatu nahi ditu aurrerantzean «herriko desplazamenduetan oinez ala bizikletaz mugitzeko, eta autoa bakarrik ezinbestekoa denean erabiltzeko». 

Gainera lanak probestu dituzte, Biurrana auzoan, bizilagunek aspaldi eskatutako kaleko argiteria instalatzeko. Lan hauek heldu den urtean amaituko dituzte. Orotara 213.352€ko inbertsioa egin dute proiektu honetan, horietatik Nafarroako Gobernuak 165.826€ko laguntza eman duelarik. Era berean, Lesakako Udalak Arcelor Mittal enpresaren laguntza eskertu du. Izan ere, bidegorri zatia egiteko enpresa honen jabetzako lurrak lagatu dizkio udalari proiektua burutu ahal izateko.