Bidasoaldeko 898 lagunek zeharkatu zuten helmuga atzo Behobia-Donostia lasterketan

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 10a

60. edizio honetan, bidasotar guztien artean bizkorrena Beñat Bengoetxea De La Iglesia hondarribiarra izan da (entzun bere balorazioa), 16. sailkapen nagusian. 1:06:08ko denboran gelditu zuen kronoa, eta haren atzetik, 18. postua egin zuen Jose Antonio Gomez de Arribak (1:06:13) eta Asier Landart Echeverriak (1:07:00) irundarrek osatu dute eskualdekoen "podiuma". Emakumeen artean, aldiz, Ana Lopez de Tejada Irurita irundarrak 1:27:43ko marka egin zuen helmugan.

Behobia-Donostia lasterketak suposatzen duen kirolaren festa erraldoiaz harago, eta honek eragiten dituen irabazleen titular eta portadak alde batera utzita, lasterketa herrikoi honek bazter guztietatik iritsitako korrikalariak biltzen ditu urtero. Norbere helburuekin, aurten 28.000 parte-hartzailek baino gehiagok lortu zuten Donostiako helmugara iristea, eta horietatik %30 inguru emakumezkoak izan ziren.

Baina atzerritik eta Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako korrikalarien artean, Bidasoaldeko 898 lagunek bete zuten atzo helmugara iristeko helburua. Eta horietatik 226 emakumezkoak izan dira. Eskualdeko lehen emakumea, Ana Lopez de Tejada Irurita izan da 1:27:43ko marka eginez.

Herriz-herriko datuak

Eskualdeko podiuma eginez gero, 625 irundarren (498 gizonezko eta 127 emakumezko) artean bizkorrena Jose Antonio Gomez de Arriba (1:06:13) izan zen, sailkapen orokorrean 18. postuan amaitu zuena. Asier Landart Echeverriak 1:07:00 kronoa egin zuen, eta 31. sailkatu zen. 

Aldiz, denen artean azkarrena hondarribiarra izan zen. Beñat Bengoetxea De La Iglesia hondarribiarrak 1:06:08ko denboran gelditu zuen kronoa, eta 16. postuan amaitu zuen lasterketa. Martin Fagoagak (66. sailkatua) 1:09:11ko marka lortu zuen, eta Iñigo Fernandez de Barrena Sarasolak, aldiz, 1:10:44. Orotara, 172 hondarribiarrek (52 emakumezko eta 120 gizonezko) amaitu zuten atzoko lasterketa.

Bestalde, 87 hendaiarrek (26 emakume eta 61 gizonezko) eta 59 urruñarrek (21 emakume eta 38 gizonezko) lortu zuten atzo Behobia-Donostia lasterketaren 60. edizioa bukatzea. Mikael Duhart izan zen hendaiarren artean azkarrena helmugan, 1:16:15 kronoarekin. Oso hurbil ibili ziren urruñarrik azkarrenak, Eladio Martins Moura (1:16:49) eta Xan Ongaretti Olaizola (1:17:31). Biriatuko parte-hartzailerik ez da izan aurten.