«Elkar aditzeko espazio bat da Angiru, oasi txiki bat, babestua eta epaiketarik gabekoa»

Paola Oskoz 2025eko azaroaren 13a

Donezteben kokatzen den Angiru psikomotrizitate zentroak urtebete bete du. Intza Elizalde eta Nerea Ordoki dira bertako sortzaile eta bidelagunak, eta haurrekin lanean hasi baziren ere, gaur egun, helduekin ere aritzen dira tailerrak eta formakuntzak egiten. Igandean eginen dute lehen urteurrenaren ospakizuna eta gero, lanean segituko dute, dagoeneko egonkorrak diren taldeekin, baita asmo eta amets berriekin ere. 

Angiru bi hitz elkartzearen ondorioa da. “Anga”k arima erran nahi du guaraní hizkuntzan eta “Iru”k berriz, bidelagun. Horrela, arimen bidelagun da Angiru hitzaren definizioa eta hori dira Intza Elizalde eta Nerea Ordoki Angiru psikomotrizitate zentroan, bertara hurbiltzen diren haur eta helduen bidelagunak. Orain dela urtebete ireki zituzten Donezteben zentroaren ateak eta geroztik, egonkortasuna lortu dute horren barrenean sortu diren hainbat proiektuekin. Horrez gain, asmo berriak gauzatzeko aukera izan dute eta horiekin aitzinera segitzeko konpromiso irmoa erakutsi dute. 

Urtebete hau “erronka konstante bat” izan dela onartu du Intza Elizaldek, Angiru psikomotrizitate zentroaren sortzaile eta bidelagunetako batek. “Beldur puntu batekin” ere egin zuten lehen urratsa, Nerea Ordoki bertze bidelagunak oroitu duenez, ez baitzekiten “jendea hurbilduko ote zen” beraiengana edo “ulertuko ote zuen” zein zen euren asmoa. Ikasketa anitz tarteko, lortu dute azkenean “tribua” sortzea eta hasieran zituzten helburuak lortzea. Eta ez hori bakarrik, ideia berriak probatzeko eta gauzatzeko aukera ere izan baitute urtebete honetan, “muga pertsonak handiak gaindituz”, Elizaldek dioenez. 

Angiru zentroa Elizalderen “ama hutsunetik” abiatu zen: “Hau sortu zen nire ama hutsunetik. Ni ama izan nintzenean oso bakarrik sentitu nintzen eta horrela sentitzen zen bakarra nintzela pentsatzen nuen. Irakasle izanda, konturatu nintzen ama pila bat zeudela egoera berean eta psikomotrizitatea ezagutu nuenean, tresna izugarria iruditu zitzaidan horretarako. Familiak laguntzeko sortu zen Angiru. Nerea ezagutu nuen gero eta argi ikusi nuen nire bidelaguna izan zitekeela”. Ordokik aukera hori aprobetxatu eta biek ekin zioten lanari. 

Haurrekin lan egitea zen zentroaren lehen helburua eta horrekin hasi ziren buru-belarri. Ordokik aipatu duenez, “emozioetatik eta jolasetatik saiatzen gara haurrak ulertzen eta bere gaitasunak indartzen”. Anitzetan, helduen begiradatik ikusten baitugu haurrak egiten duena eta inpresio hori oso azalekoa dela adierazi du Elizaldek: “Askotan helduek haurrek egiten dutena ikusten dugu eta gure beldurren arabera interpretatzen dugu. Hemen pausu bat harago joaten saiatzen gara. Ikusten dena azalekoa da eta erantzun sinpleak ematen dizkigu horrek. Hor azpian dagoena ikustean, erantzun pertsonalizatu bat ematen dugu”. Ordokik gaineratu duenez, “haurrei etiketa bat jartzen diegu eta guk sintomen azpian dagoena ikustera joaten gara, haurra bere osotasunean ikusi eta ulertzeko”. 

Lehen ikasturtetik bigarrenera, haur anitzek errepikatu dute Angiru esperientzia eta horrela, ezagutza gehiagorekin lan eginen dute Ordokik eta Elizaldek. Pasa den urtean adinaren arabera banatu zituzten taldeak. Aurtengoan berriz, “energiaren arabera” eginen dutela argitu dute, horrela “esku-hartze handiagoa” egiteko gai izanen direla sinetsita. “Taldeak estrategikoki moldatu ditugu, haurren beharren arabera orekatuz, betiere logika baten barrenean”, jakinarazi dute. Ikasturte berezia izaten ari da dagoeneko aurtengoa, pasa den urtean landutakoaren fruituak ikusten ari direlako eta horrek “ikaragarrizko indarra” ematen dielako aitzinera segitzeko. 

Helduekin psikomotrizitatea lantzea, idea berrien artean

Ortzegunero elkartzen dira Elizalde eta Ordoki astea nola joan den errepasatu eta aitzinera begira jartzeko. “Amesteko tartea” hartzen dutela ere onartu dute eta hor, “ideia berri pila bat sortzen” zaizkiela. Haurrekin lan egitea errotuta dute dagoeneko Angirun, eta jendeak ikasi du “elkar ulertuz, elkar babestuz eta zainduz, epairik gabeko” espazioa dela bi hauek sortutakoa. Horrela, helduekin lan egiten hasi ziren, hauengandik ailegatutako proposamenetatik tiraka. Gurasoekin segitu zuten segidan lanean, ama talde bat ere sortu zuten eta azkenik, irakasleekin formakuntzak egiten hasiak dira. 

Nerea Ordokik azaldu du nola izan zen helduekin ere psikomotrizitatea lantzen hastea: “Guraso espazioak sortu genituen eta adinka banatzen genituen gai desberdinak lantzeko. Solasaldi gisako batzuk ziren. Gero, gai konkretuekin hasi ginen, heriotzarekin adibidez”. Intza Elizaldek gehitu du “gurasoek errua” sentitzen dutela anitzetan eta “autoexijentzia handia” dutela, nekean bihurtuz hori guztia. Angiruko bidelagunek “ilusioa transmititu” nahi dute eta horretarako sortu zituzten hitzaldi hauek. 

Azken berrikuntza irakasleekin lan egitea izan da. “Psikomotrizitate ikastaroak egiten ditugu ikastetxeetan. Guretzat inportantea da irakaslearen begirada lantzea arlo honetatik. Mundu hau ezagutzen dugu eta hor ikusi ditugun gabeziak lantzen saiatu gara. Erantzuna izugarria izan da, jendeak praktikan jarri du guk errandakoa eta fruituak ikusi dituzte”, dio Elizaldek. Tailer hauetarako online formatua erabili dute, konturatu baitziren urrutiagotik jarraitzaileak batzen hasiak zirela sare sozialetan eta Doneztebera hurbiltzea zaila izanen litzatekeela eurentzat. Horrela, online bidezko ikastaroak eskaintzen hasi ziren, erronka berri bat ere izan dena Elizalde eta Ordokirentzat: “Aldaketa potenteenetako bat online formatua izan da. Jendea urrutiagotik hasi da gure lana jarraitzen eta formatu hau errazagoa izan da batzuentzat. Ongi atera dira batzuk eta bertze batzuk ez, baina saiatu gara eta ikaskuntza handia izan da”. Hain zuzen ere, sare sozialak tresna erabilgarria izan da Angirun egiten den lana zabaltzeko. Hasieran zaila izan bazen ere, “martxa” hartu diote dagoeneko euren buruak Interneten erakusteari eta horrela, jende berriarengana ailegatu dira, haur, guraso edo irakasle ez direnengana alegia. 

Aitzinera begira

Urtebeteren ondoren, hurrengo urratsa orain artean egindako guztia ospatzea izanen da. Igande honetan, azaroaren 16an, Angiruren egoitzan Elizalde eta Ordokiren inguruko guztiak elkartuko dituzte eta zentroaren lehen urtebetetzea ospatuko dute. “Inauguraziorik ez genuen egin eta aperitifa bat egin nahi genuen gure ingurukoek ematen diguten babesa eskertzeko. Hurbileko jendea gonbidatu dugu, sorpresak egonen dira eta momentu goxo bat izatea nahi dugu”, jakinarazi du Elizaldek. Horrez gain, astean zehar haur eta familiekin ospatuko dute lehen urteurrena, jatekoarekin baita familiei egindako opari batekin ere: “Familiei Gerizi espaziora etortzeko aukera oparituko diegu”. Ordokik gaineratu duenez, “hau martxan dagoela eta aitzinera doala” ospatu nahi dute biak. 

Horren ondotik, dagoeneko egonkorrak diren proiektuekin lanean segituko dute, baita ideia berriekin ere. Ordokik azpimarratu du, “ametsak etortzen” zaizkiela eta “horiei forma ematen ibiltzen” direla biak. Dagoeneko hasierako helburua zen haurrekin lan egitea “sistematizatuta” dute Angirun eta horrek “bertze gauzetan kuxkuxeatzeko” aukera ematen die. Horrela, “helduentzat psikomotrizitate saio bat edota familiekin Angiru estilora antolatuta egun pasa bat” dira hurrengo hilabeteetan gauzatu nahi dituzte ideietako batzuk. 

Edonola ere, egiten dutena egiten dutela, “oasi txiki bat” izaten segituko du Angiruk, Ordokik erran duen bezala, “elkar aditzeko espazio bat, babestua eta epaiketarik gabekoa”. Elizaldek ere gehitu du “gure begietatik epaitzen ditugula ondokoak” eta Angirun “epaiketarik gabe ondokoa ulertzeko” tresnak ematen dituztela. Biak ere guztiak animatu nahi izan dituzte zentrora hurbildu eta esperientzia probatzera, haur, gazte, heldu, familia, irakasle edota bertzelako ofizio bat duen edonor, Angiruko ateak irekiak egonen baitira beti.