Desinformazioa sarean: nola sortzen eta hedatzen dira fake news-ak?

Aitor Errazkin 2025eko azaroaren 18a

Gaurko Teknofrekuentzia saioan desinformazioari eta fake news-ei buruz hitz egingo dugu. Ez da gure programa teknologikoena, baina oso garrantzitsua da gai hau ezagutzea. Fake news nola sortzen diren, zergatik hedatzen diren eta nola identifikatu daitezkeen ikusiko dugu. Helburua da entzuleak kontziente izan daitezen eta aurre egiteko mekanismoak izan ditzaten.

Gaurko saioan desinformazioari buruz hitz egingo dugu, edo beste modu batean esanda, fake news-ei buruz. Egia esanda, gaurko programa ez da gure saio teknologikoena, baina gai hau ulertzea eta identifikatzen jakitea ezinbestekoa da. Sareetan gero eta ohikoagoa da gezurrezko edukiak, manipulazioak eta errealitatearen bertsio faltsuak aurkitzea, eta horiek gure iritzia baldintzatzeko erabiltzen dira askotan.

Nola sortzen dira fake news-ak?

Askok pentsatzen dute fake news mezuek norbanako batek sortutako gezur soilak direla, baina egia askoz konplexuagoa da. Spanish Revolution kanalak salatu bezala, badira datu-zentro moduko egiturak, non milaka telefono mugikor batera konektatzen diren eta urrunetik kontrolatzen diren. Gailu horiek erabiltzen dira sare sozialetan milaka kontu faltsu sortu eta kudeatzeko, eta adimen artifizialaren edo langile talde baten bidez, iritziak, mezuak eta eztabaidak etengabe elikatzeko.

Horrelako sistemak erabili izan dituzte, adibidez, Trumpen inguruko taldeek edo Israelgo gobernuak euren aldeko iritziak zabaltzeko Instagramen eta X (Twitter) bezalako plataformetan. Prezioak aldakorrak omen dira: 20.000 mezu zabaltzea ez da prezio finko baten truke egiten, negoziazio bidez baizik. Baina dena legez kanpoko jarduera da, eta poliziak sarri itxi izan ditu halako “zentru” digitalak. Beraz, agian zuk sare sozialetan eztabaidatu duzun kontu horietako bat ez zen pertsona bat, baizik eta iritziak sortzeko programatutako makina bat.

Zergatik egiten dira?

Helburu nagusia ez da beti informazioa zabaltzea, baizik eta emozioak piztea: gorrotoa, amorrua edo beldurra. Horren bidez eztabaidak polarizatu egiten dira, eta gizartean tentsioa sortzen da. “Bronka” sortzea helburu duen giro batean ezinezkoa da lasai pentsatzea edo elkarrizketa eraikitzaileak edukitzea. Halako mezuen bidez, iritzi jakin bat “gehiengoaren” iritzia dela irudikatu nahi da, nahiz eta atzean lau pertsona edo makina batzuk baino ez egon.

Mundu fisikora ekarriko bagenu, etengabe oihuka dabiltzan lau lagunekin alderatu genezake: zarata asko egiten dute eta badirudi jende asko dagoela, baina gerturatu eta ikusiko dugu lau lagun besterik ez direla.

Nola identifikatu profil faltsu edo gezurtiak?

Profil susmagarriak ezagutzeko pista batzuk badaude:

Jarraitzaile asko dituzte (300etik gora), baina argitalpen gutxi.

Irudi orokorrak erabiltzen dituzte: bidaiak, paisaiak edo jende ezezagunaren argazkiak.

Argitalpen asko egiten dituzte denbora laburrean: pertsona arrunt batek ez du 100 tuit idazten egun batean.

Halako seinaleak ikusiz gero, litekeena da adimen artifizialak kontrolatutako kontu baten aurrean egotea. Garrantzitsua da hori jakitea, gure erreakzioak egokitzeko eta eztabaida horietan ez erortzeko.

Nola egiaztatu albiste bat?

Ez dago formula magikorik, baina badira tresna fidagarriak: adibidez, maldita.es