Ormaiztegi, Gernika, Bilbo, Urretxu, Donostia edota Lakarritik iritsitako 30 parte-hartzaile elkartu ziren larunbatean Palmera Montero gunean. Iaz Korrika Kulturalaren bultzadarekin Aitzondo euskara elkarteak Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa berpiztu ondotik, ekimenari segida eman diote aurten. 2007an Bidasoko EKT elkartean antolatu zuten aurreneko edizioa, gerora desagertuko zen Luma aldizkariaren eskutik, eta Ola sagardotegiak jaso zituen ondoko edizioak. Joxan Elosegi, ekimenaren sortzailearen ustez «txapelketa duina da», eta maila bateko parte-hartzaileak eskatzen dituela aitortzen badu ere, halako lehiakideak hurbiltzen dira urtero. Izan ere, «hitz gurutzatuen presentzia euskaraz erabatekoa da eta aspaldikoa, euskarazko egunkarietan eta garai batean Luma bezalako aldizkarietan», azaldu digu, «baina horrelako txapelketa gutxi antolatzen dira, eta gehienbat frantsesez eta ingelesez dago ohitura gehien».
Aparteko hitzordua bada, zaletasunik ez da falta Euskal Herrian, eta Elosegik ondutako hitz gurutzatuetako «definizio bihurrien eta eskuko hiztegien artean» lehian aritu diren parte-hartzaileek erakutsi dute aurten, bizkorrak ere badirela. Eta bakarkako lana bada ere, ondo gozatu zuten lehiakideek, sailkapen frogen arteko atsedenaldietan elkar solastatzen. Egindako akatsak egiaztatu nahian eta aldamenekoaren bizkortasuna komentatzen. Dena den, Euskal Herri luze zabaletik etorritako partaideen lehia garbia izan zen, erlojupearen kontra eta eskuko hiztegien artean.
Azkarrenen arteko finala seikoa izan da aurten, eta froga guztietan azkarrenak jantzi zuen txapela, bigarrenez. Iazko irabazleak berak, Mayi Iza hondarribiarrak. Lehen bi frogak osatzeko 24:30 besterik ez zituen behar izan, bigarrenari 12 minutuko aldea ateriaz. Eta finalean bera eta Xabier Azkue bigarren sailkatua izan ziren akatsik gabe amaitu zuten bakarrak. Irundarrik onena, aldiz, Ainara Maya izan da, 9. sailkatua.
Finalera sailkatu ziren sei lehiakideak eta emaitzak hauek izan ziren: Mayi Iza 24:30ko denborarekin, Xabier Azkue (38:37), Aitor Fernandez de Martikorena (44:39), Oier Zulaika Arakistain (52:09), Beñat Intxauspe (1:18:08) eta Xabier Dorronsoro Iraeta (32:28 + akats bat).