bertsolaritza

Dena prest dago Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final handirako

Ekhiñe Zapiain 2025eko azaroaren 24a

Larunbatean (Azaroak 29) arratsaldeko 17:00ean hasiko da Nafarroa Arenan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala. Bertze behin, zortzi hautagai ditu txapelak, eta Saioa Oneka Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azpimarratu digu «zentzu askotan, oso positiboki» baloratzen dutela orain arteko bidea, eta «oso gogotsu» daudela finalari begira.

Urriaren 4ean Auritzen hasi, eta Nafarroaren luze-zabalean zenbait herri bertsoez blaitu ondotik ailegatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken hitzordua. Larunbatean (azaroak 29) eginen dute final handia arratsaldeko 17:00etan hasita, aurten, estreinakoz, Nafarroa Arenan. Zortzi hautagai ditu aurtengo txapelak: Julio Soto Ezkurdia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Sarai Robles Vitas eta Eki Mateorena Zozaia.

Bi mila sarrera baino gehiago jarri dituzte salgai, eta nahiko lukete finala ere «Nafarroan bertsolaritza bizitzen ari den goraldiaren isla» izan dadin. Aurten, kolektibo bat arduratuko da txapeldunari txapela jartzeaz: Zaldiko Maldiko elkartea. Aukera honekin, aitortu nahi izan dute «euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin duen harreman estua, baita Iruñean euskaldunontzako arnasgune bat izatea ere».

Bide ederrak, emaitza ederra

Saioa Oneka Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu digunez, «oso positiboki» baloratu du talde antolatzaileak txapelketak azken geltokiraino egindako bidea: «Bi hilabeteetako ibilbidearen ondotik, aho zapore onarekin heldu gara finaleraino. Jende asko hurbildu da orain arteko saioetara, 1.400 bertsozale inguru izan dira guztira. Aurtengo txapelketarekin, gure apustua Nafarroako geografian ahalik eta gehien hedatzea izan da, eta oholtza gainean aniztasun handiz eta sendo ikusi ditugu bertsolariak. Oso gogotsu gaude finalari begira», azaldu digu.

Auritzen hasi eta Mutiloan, Iruritan, Los Arcosen, Agoitzen, Leitzan eta Tafallan egin dira txapelketako saioak. Nafarroaren luze-zabalean hedatu nahi izan dute bertsoa txapelketarekin, eta horretarako, gibeletik egin beharreko lan guztia gogora ekarri du Onekak: «Talde antolatzaileak denbora asko ematen du txapelketaren prestakuntzan. Lan handiarekin, laguntza handiarekin eta batez ere elkarlan handiarekin lortzen da txapelketa aurrera ateratzea. Bertsolaritzaren ekosistema osoa jartzen da dantzan, eta figura askok hartzen dute parte. Lan mardula da, baina polita, ikusten delako bertsolaritza zein bizirk dagoen», erran du.

Final berritu bat

Finaleko zortzikotea pasa den astean aurkeztu zuten prentsaurrean, eta Onekak erran digu azalberrituta datorrela aurtengo taldea: «Finalisten argazkia ikustea besterik ez dago, ikusteko nola berritzen ari den finala. Aurten bi bertsolari berri izanen ditugu, eta hau ere transmisioa eteten ez denaren seinale da. Lurraldetasunaren isla ere ikusten dugu zortzikotean. Lehendabizikoz hiru emakume ikusiko ditugu oholtza gainean, eta txapelketa osoari erreparatuta parekidetasunetik urruti gabiltzan arren, finaleko pausu hori eman izana azpimarratzea ere polita da», dio.

Berrikuntzak ez datoz txapelaren hautagaiei dagokienean soilik. Izan ere, aurten, Nafarroa Arenan eginen da estreinakoz Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala: «Aldaketa handienetako bat lekualdatzearena izan da. Nafarroa Arena apustu kualitatibo eta kuantitatiboa izan da, azken urteetan bertsolaritzak Nafarroan egindako ibilbidea kontuan hartuta, baita ikusle kopuru eta bertsolaritzaren kalitatea kontuan hartuta ere», azaldu du Onekak.

Larunbatekoak beraz, osagai guztiak ditu besta eder baten zaporea izateko.