NafARTar - Uxuri Etxegia

Aitor Errazkin 2025eko abenduaren 12a

Uxuri Etxegia antzerkilari eta artista sunbildarrarekin izan dugu gaurkoan tertulia. Antzerkiarekin lotutako kontuak izan ditugu hizpide bertzeak bertze. Mugak, aukerak, ikasketak, saiakerak…Hau guztia hiritik herrira bueltatzearen bizi esperientziarekin lotu dugu.

6 urterekin jaso zituen lehen aldiz antzerki klaseak Uxurik. Geroztik bidaia luzea hasi zuen antzerkiaren zirrikituetatik. Ingalaterrara hartu zuen hegazkina antzerkia ikasteko eta bertan pasa zituen bi urte. Gerora, Madrilen bizi izan da, antzerkiaren munduan lanean eta formakuntzan. Urte honetan, Uxuri Nafarroara bueltatu da, Donezteben antzerki klaseak emateko prest, herri ttikietan kultura sustatzeko gogoarekin.

Antzerkia jolas baten modura hartzen du Uxurik, horrek zaurgarritasuna dakar bere ustetan. Antzerkiak  momentuan eta orainaldian bizitzeko aukera ematen dio. Norbera izateko aukera da antzerkia sunbildarrarentzat, alde on eta txarrekin, momentuko sentimendu eta pentsamenduak onartuz.

Bizitzatik atera eta bertze mundu batera garraiatzen du Uxuri antzerkiak.