Programa honetan beste gonbidatu bat ekarri nahi izan dugu gurera: Javi Alfaro, Elkartenet elkarteko kidea, Mugarik Gabeko Ikasgelak proiektua aurkeztera. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu gurekin egoteko tarte bat hartzeagatik. Badakigu lanpetuta dabilela, Mauritaniatik itzuli berria, lokal berria atontzen eta mila konturekin, eta hala ere gurekin egoteko txoko bat egin digu. Mila esker, benetan.
Elkarteneteko kidea eta Mugarik Gabeko Ikasgelak proiektuaren partaide zara. Elkartenet elkartea teknologia librea, birziklapena eta elkarlana oinarri dituen ekimena da, eta Mugarik Gabeko Ikasgelak proiektuaren bidez, ikasgeletan zaharkituta geratu diren Eskola 2.0 programako eramangarriak berreskuratu eta bigarren bizitza bat ematen zaie. Ordenagailu horiek konpondu, egokitu eta Afrikako hainbat tokitan gela informatikoak sortzeko erabiltzen dira.
Badakigu zenbakiak hotzak izan daitezkeela, baina proiektuaren neurria ulertzeko garrantzitsuak dira. Urte hauetan zehar ehunka ordenagailu birziklatu dira, ez bakarrik portatilak, baita bestelako gailuak ere: pantailak, sareko materiala edo periferikoak. Proiektua hainbat herrialdetara iritsi da, besteak beste, Mauritania, Kongoko Errepublika Demokratikoa edo Afrikako beste eskualde batzuetara, beti tokiko errealitateari egokituta eta bertako komunitateekin elkarlanean.

Proiektu hau benetan harrigarria da: erabilerarik gabe zeuden gailu elektroniko horiek, bestela hemen hondakin bihurtuko liratekeenak, eta ziurrenik Afrikako zabortegi erraldoietan amaituko luketenak, hezkuntzarako tresna bilakatzen dira. Kontainer batean iristen dira Afrikara, baina ez hondakin gisa, baizik eta aukera gisa. Ikasleek beren hizkuntza naturalean ikasteko aukera dute, guztia software librea erabiliz. TxikiLinux banaketa erabiltzen dute, hezkuntzarako prestatutako GNU/Linux sistema arin eta eraginkorra, ordenagailu zaharretan primeran funtzionatzen duena. Software pribatiboak, hala nola Windows edo iOS sistemek, ez dute aukera hori ematen.
Esperientzia honek eragin handia du alde guztietan. Hemen, ikasleek ikusten dutenean beraiek konpondutako edo prestatutako ordenagailuek Kongoko edo Mauritaniako ikasgelak muntatzeko balio izan dutela, harrotasuna eta kontzientzia soziala pizten dira. Afrikan, berriz, ikasleek teknologiarekiko duten interesa eta motibazioa izugarriak dira; lehen aldiz ordenagailu bat erabiltzea, ikasteko tresna gisa, benetako aldaketa da haien egunerokoan.
Azken urteotan bidai bat baino gehiago egin dituzte, bai aurten bai aurreko urtean. Hasieran ordenagailuak soilik eramaten zituzten, baina gaur egun ekipamendu osoagoa bidaltzen ari dira: sareak, inprimagailuak, proiektoreak eta formakuntza bera ere bai. Hurrengo urterako helburua argia da: proiektua sendotzea, herrialde gehiagotara iristea eta tokiko irakasleekin lankidetza areagotzea, ikasgelak autonomoak izan daitezen.
Eta azkenik, albiste ona: Elkartenetek lokal berria estreinatuko du laster. Inaugurazioaren data hurbiltzen ari da, eta noski, ospatzera joan beharko gara. Halako proiektuak gertutik ezagutzea eta babestea merezi duelako.