Unai Amiano irundarrak Hendaian jokatuko du urtarrilaren 23an, Binazkako B Serieko play-offaren lehian

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 29a

Gaualdiko kartel nagusia, A Serieko P. Etxeberria-Rezusta eta Larrazabal-Mariezkurrena II bada ere, irundarraren parte hartzeak ikusmina piztu du Bidasoaldeko zaleen artean. Azaroan 4 ½ B Seriearen finala Irunen jokatu ondotik, Binazkako Serie B Txapelketako partida erabakigarria jokatuko du Eskirozekin batera Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan, urtarrilaren 23an. Bixintxo Bestetako pilota jaialdiaren karietara, Dario-Loza lehen sailkatuen aurka ariko dira Sailkapen Ligaren bigarren itzuliaren lehen partidan. Sarrerak salgai daude 25 eurotan, eta kitorik erreserba daitezke 18 urtez azpikoentzat.

Abenduaren 26an Salaberria-Gaskueren aurka ligaxkako bigarren porrota (22-15) jaso badu ere, 21 urteko Unai Amiano pilotari irundarra Binazkako Serie B Txapelketa irabazteko lehian buruz-buru sartua dago Eskirozekin batera. Aurreko jardunaldian lider jarri eta gero, azken partida galdu eta hirugarren sailkatuak daude une honetan, jokatutako sei partidetatik lau irabazita. Dario-Loza (5 garaipen) eta Murua-Gabirondo (4 garaipen) dituzte lehiakide nagusiak une honetan. Eta horiek izango ditu Amianok hurrengo arerioak hain justu.

Batetik, urtarrilaren 1ean Astelehena frontoian (Eibar) Murua-Gabirondoren aurka jokatuko dute Amiano-Eskirozek ligaxkako lehen itzuliko azkena. Eta martxoaren 21eko finala urrun geratzen bada ere, ibilbide horretan Bidasoa eskualdean ikusi ahal izango dugu pilotari irundarra berriz ere, Sailkapen Ligaren bigarren itzuliaren hasieran, Dario-Lozaren aurka, Hendaiako Bixintxo besten karietara hain zuzen, urtarrilaren 23an.

Bi partida handi Beltzenian

Endaiarrak pilota elkarteak urtero antolatzen duen pilota jaialdiaren baitan, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan jokatuko dute. Txapelketarako play-off postuak zehazteko erabakigarria izango da partida. Eta Hendaiako elkarteak iragarri duenez, eskualdeko pilotazaleen ikusmina piztu duen partida honetaz gain, A Serieko P. Etxeberria-Rezusta eta Larrazabal-Mariezkurrena II partida jokatuko da Beltzeniako frontoian.

Pilota jaialdia 20:45ean hasiko da, eta 18 urtetik beherakoek sartzea kitorik izango duten bitartean, gainerako sarrerak 25 eurotan erreserba daitezke aurresalmentan endaiarrak.eskupilota@orange.fr helbidera idatziz, www.entradasfronton.com atarian edota Endaiarrak pilota elkartera deituz (Iparraldetik 0687 537 313 eta Hegoaldetik +0033 687 537 313).

Sei jardunaldi ondoren hau da Unai Amiano-Eskirozen B Serieko sailkapena:

Sailkapen liga
Pelotari/Binaka PG PJ TF TC CO
Darío-Loza 5 6 129 104 +25
Murua-Gabirondo 4 6 126 104 +22
Amiano-Eskiroz 4 6 121 104 +17
Salaberria-Gaskue 3 6 109 100 +9
Peña II-Salaverri II 3 6 118 116 +2
Senar-Ugartemendia 2 6 98 111 -13
Zubizarreta III-Aranguren 2 6 100 129 -29
Rekalde-Bikuña 1 6 88 121 -33
Sailkapen liga