Iker Karrera dantzari hondarribiarra Amaia KZn izango da otsailean, urte hasierako Irungo kultur-agenda oparoaren parte

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 31

Amaia KZ eta CBA kulturguneko Irun Zuzenean aretoaren 2026ko lehen hiruhilekorako sarrerak salgai jarri ditu Irungo Udalak dagoeneko. Eva Sorianoren umore bakarrizketak, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldia, 'Eternamente ABBA' kontzertu sinfonikoa, Javier Vargas Blues Band, Susan Santos, Sanguijuelas del Guadiana, Marte Lasarte eta SUA taldeen kontzertuak edota Iker Karrera hondarribiarraren abangoardiako 'The Room Where It Happens' ikusgarri sarituak osatuko dute programazioa besteak beste.

Joan den apirilean aurreikusia zegoen estreinaldia lesio baten ondorioz atzeratu behar izan zuen Iker Carrera dantzari eta koreografo hondarribiarrak. Baina irailaren 27an Madrilgo Condeduque Kultura Zentroan aurkeztu zuenetik, 'The Room Where It Happens' ikusgarriak arrakasta bildu du. Bere azken sorkuntza orain arte egindako handiena da, eta dagoeneko Dantza Garaikidearen Koreografia Onenaren saria irabazi du Godot Sarien 4. edizioan. Eta heldu den otsailaren 21ean (20:00) Irungo Amaia Kultur Zentroan taularatuko du, hondarribiarrak duela hamarkada bete sortutako Danza 180º konpainiako beste bost dantzariez lagunduta. Sarrerak dagoeneko erreserba daitezkeela iragarri du Irungo Udalak, 10,80€ eta 16,45€ artean. 

Ibilbide luze eta oparoa egin du Madrilen bizi den hondarribiarrak bere jaioterrian jazz eta hip-hopean hasi zenetik. Dantza garaikidearen munduan #7fm estatu mailan eta nazioartean saritutako ikuskizuna da berak sortutako nabarmenena, eta Europako hiriburu nagusietan eta hainbat jaialditan aurkeztu du, hala nola, New Yorkeko Battery Dance Festibalean. Antzerkian Mamma Mia musikala koreografiatu zuen Abba taldearen abesti ezagunenak berreskuratuz Madrilgo antzokietan, (Teatro Musical Saria eskuratu zuen koreografia onena gisa), eta The Book Of Mormon obran ere koreografia onenaren Broadway World Spain saria eskuratu zuen. Telebistan 'Fama. A bailar' saioan aritu da ere 2018tik irakasle eta zuzendari gisa.

Izan ere, dantza irakasle lanetan eskarmentu handia du Iker Karrerak, dantza garaikidean eta jazz funk estiloetan Los Angeles, New York, London, Mexico, Paris, Erroma, Napoli, Praga edo Bruselan lan egin du. Zinema film luzeetan ere parte hartu du koreografo lanak eginez, No pleasure eta Table for one filmetan. Eta publizitate mundua ez zaio arrotza egiten, Bvlgari, Benetton, McDonalds eta Cupra bezalako marka handien iragarkietan lan egin baitu, besteak beste.

Irungo kultura agenda oparoa

Hala ere, dantza garaikidea baino askoz ere gehiago programatu du Irungo Udaleko Kultura arloak 2026 urte hasiera honetarako. Urte berria lehen mailako kontzertuz, kalitatezko umorez eta abangoardiako arte eszenikoen ikusgarriz beterik dator. Udalak aditzera eman duenez, dagoeneko salgai daude 2026ko lehen erdiko Amaia Kultur Zentroko eta CBAko ekitaldietarako sarrerak.

Besteak beste, Javier Vargas Blues Band, Susan Santos, Sanguijuelas del Guadiana, Marte Lasarte eta SUA taldeen kontzertuak izango dira Irun Zuzenean aretoan. Bestalde, Amaia KZn, martxoaren 21ean Eva Sorianoren 'Disfrutona' eta, martxoaren 3an, Festival Umore programaren baitan 'Corta el cable rojo' ikusgarria ere proposatuko dute. Azken honetarako sarrerak dagoeneko agortu dira. 

Aurretik, nabarmentzekoak diren beste bi emanaldi izango dira Amaia KZn. Urtarrilaren 21ean Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute txikienek, 16:00etan eta 18:30ean antolatutako "Katxiporreta, zerua lapurtu dute" ikuskizunaren bi saioekin. Urtarrilaren 30ean, berriz, Bartzelonatik datorren “Eternamente ABBA” kontzertu sinfonikoa izango da, Irungo Hiria Musika Bandaren parte-hartzearekin. Talde suediarraren omenaldi gisa arrakasta handia lortu du ikusgarri honek Madril eta Bartzelonako antzokietan.