Asteburu honetan ospatuko dute Beran Mendi Eguna hemeretzigarrenez

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 5a

Orain dela 19 urte Luis Mari Pikabea “Loro”-k, Xabier Saralegik eta Xabier Zubietak bizia galdu zuten Taillon eskalatzen ari zirela, eta mendian hildako hiru bortziritarren omenez sortu zen Mendi Eguna Beran. Beraiek oroitzeko eguna izanen da aurtengoa ere, urtarrilaren 10ean, larunbatarekin izanen da hitzordu nagusia, eta urtero gisan Santa Barbarako krono-igoera eginen dute. 15:30etan hasiko da proba eta lasterkariek herrigunetik Santa Barbarara joan etorria egin beharko dute, bortz kilometro eta erdiko ibilbidea denera.

Urtarrilaren 13an hemeretzi urte beteko dira Xabier Zubieta, Luis Mari Pikabea eta Xabier Saralegi mendizale bortziritarrak Taillon mendian zendu zirenetik. Izenak dion bezain beltza izan zen 2007. urteko ilbeltza bortziritarrentzat; izan ere, aipaturikoek mendi istripua izan baino astebete lehenago aritu ziren Unai Etxepare lesakarraren gorpuaren erreskate lanetan Pirinioetako Anayet mendian. Egun gutxitara izan zuten ezbeharra Tailloneko iparraldeko pareta igotzen ari zirela. Haien omenez antolatzen dute Mendi Eguna urtero Manttale eta Agerra mendi taldeek.  

Aurtengoan, urtarrilaren 10ean ospatuko dute hitzordu nagusia. Izena emateko, egunean bertan egin daiteke. Hala ere, aldez aurretik egin nahi duenak aukera du Berako Pikabea harategian edo Purienean, baita manttaletaldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzita ere.Lasterketaren ondotik jatekoa banatuko dute eta 19:30ean esklerosi anizkoitzari buruzko testigantza biltzen duen Zazpi dokumentala aurkeztuko du Mikel Lizarraldek. Igandean, aldiz, mendi itzulia eginen dute herritik aterata Larun Ttikira.

Manttale talde antolatzaileko Iñaki Pikabeak eman zizkigun Berako mendi egunaren nondik norakoak. Antolakuntza taldeko kideak aipatu duenez, mendian hildako hiru bortziritarren omenez sortu zen Mendi Eguna Beran. 2007ko urtarrilaren 13an Luis Mari Pikabea “Loro”, Xabier Saralegi eta Xabier Zubietaren gorpuak aurkitu zituzten Taillon mendian. Hiruak bizia galdua zuten eskalatzen ari zirela. Ezbehar horren ondotik, Mendi Eguna antolatzen hasi ziren, hiru mendizaleak sortua zuten Manttale Taldearen eskutik, eta beraiek oroimenean edukitzeko helburuarekin.