Orain dela urtebete inguru, Berako pilota eskolako Oskar Goñi kidearen bisita izan genuen gurean. Bote luzeari buruzko ikastaro bat antolatua zuten, eta eskuzko pilota modalitate zahar honen inguruan aritu zitzaigun solasean. Hizketaldiko zati batzuk bildu ditugu, hain zuzen, bide berean urratsak ematen segitzen dutelako eta zenbait herritarrek heldu den asterako hitzordu berria prooposatu dutelako.
Urtarrilaren 17an goizeko 11:00ean egin dute hitzordua Berako Eztegara pilotalekuan. Helburua bote luze pilota jokoa ezagutzea eta probatzea izanen da: «Eskuzko pilota modalitate zaharrenetako bat da bote luzea, zeinetan eskuarekin ez ezik, gorputzeko bertze atalekin ere pilota jotzen ahal den. Berezia, baietz? Hori eta gehiago jakin nahi baduzu, animatu eta zabaldu mezua», adierazi dute.
Aritzea, ikasteko manerarik onena
Aspaldian dabiltza Beran bote luzea ezagutzeko eta probatzeko ahaleginean. Berako pilota eskolak antolatu zituen orain dela urtebete saio ireki batzuk, eta Herri Haitadak ere lagundu zuen modalitatearen bueltako taldetxoa osatzen.
Arau eta lege ugari ditu bote luzeak. Luzeko pilota jokoa denez, aurkariak aurrez aurre dihardute, eta pilotak ez du normalki hormarik jotzen, errebotean ez bada. Aitzina, pilotalekua belar soroa izaten zen, eta egun, plaza librean jokatu ohi da, baita frontoian ere. Pilota gozoaz aritzen da, eta kintzeka kontatu ohi da, luzeko jokoen ohiko maneran. Kintzeaz gainera, arraiak erabiltzen dira jokaldian zehar, joko-eremua aldatuta.
Arauak barneratzeko modurik errezena praktikatzea izaten da sarri. Hala hasi ziren aspaldi Beran, eta geroztik tarteka biltzen aritu dira neska-mutilak. Inguruko herrietako herritarrekin ere egin dituzte zenbait partida. Aurten, Beran ospatuko da Herri Haitada maiatzean, eta aitzakia ezin hobea izanen da heldu den asteburuan antolatu duten ikastaroa hitzordurako jokalarien taldea zabaldu eta indartzeko.