Euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik aterako da martxoaren 19an (15:30ean), eta hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ondoren, Bilbon amaituko da, martxoaren 29an 460 herri ingurutik pasa eta gero. Gure eskualdeari dagokionez, bi pasaldi egingo ditu. Biak goizaldean. Martxoaren 24an goizeko 03:44ean Irunera sartuko da Korrika Oarsoaldetik, eta segituan Bortziri aldera joko du, Bera (05:56), Lesaka (06:33) eta Igantzitik (07:03) iraganez Malerrekara jauzi egin aitzin. Bertatik Baztanera joanen da, eta Xaretan, Zugarramurditik Sarara pasatzearekin sartuko da Lapurdira lasterketa.
Martxoaren 24ko arratsalde eta gaua Lapurdin pasako du Korrikak, Baionan 21:44ean sartuko delarik. Eta Lapurdiko kostaldean behera eginen du ondotik arratsean, martxoaren 25 goizaldean berriz ere Bidasoaldera sartuz. Hala, Azkainetik Urruñara sartuko da 03:49ean, ondotik Hendaia (04:46), Irun (04:57) eta Hondarribitik (05:17) pasaz. Irunen, martxoaren 24 goizaldean auzoetatik pasako da, eta 25 goizaldean berriz, Colon hiribidetik pasaz erdigunea ukituko du.
AEKk argitu duenez, inoizko parte-hartzerik handiena lortzeko erronka dute 24. Korrika honetan. Izan ere, 2.175 kilometro izango ditu, eta 3.436 lekuko-hartze izango dira pasako den 460 herrietako eragileen eskutik. Iragarri dutenez, kilometroak eskuratzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dute.
Jarraian ikus daiteke Korrikaren ibilbide osoa. Xehetasun gehiago ikusteko, webgunea bisitatu daiteke. Eta gogoratu KORRIKA aplikazioa ere hemen deskargatu daitekela beti eskura edukitzeko.
