GKS Gazte Koordinadora Sozialistak manifestatzera deitu du urtarrilaren 31n Iruñean eta Bilbon. “Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka!” lelopean kaleak hartzeko deia luzatu dute, nazioarte mailan hasi eta Euskal Herriko azken txokoraino hedatzen ari den «eskuin muturreko mugimenduek eragindako beldurraren diskurtsoari» aurre egin nahian. Horrek ongizate gizartearen eta oinarrizko eskubideen haustura dakarrela pentsatzen du Igauri Lopetegik, Bidasoko GKSko kideak.
Deialdiaren azalpenetan, GKSk nabarmendu du faxismoaren gorakadari eta estatuen «norabide autoritarioari» aurre egitea dela helburua. Haien ustez, eztabaida publikoan gero eta presentzia handiagoa dute ideia erreakzionarioek. Arrazakeriari, supremazismoari edota matxismoari lotutako mezuak hedatzen dituztela diote, eta faxismoren edozein adierazpen motari aurre egin behar zaiola aldarrikatzen dute.
Baina horri aurre egiteko tresnak behar dira, bereziki gazteen artean, eta egunotan eskualdean manifestazio deialdia zabaltzeaz gain, gazteak antolatu eta informatu nahian dabiltza. «Guk adierazi nahi dugu faxismoaren eta estatuaren autoritarismoaren gorakada fenomeno beraren bi adierazle direla», azaldu du Antxeta Irratian Lopetegik, «Europa, AEB eta mendebaldeko merkatua gainbeheran daude, eta hori salbatzeko bake soziala bermatzen duten neurriak ez dira bideragarriak». Beraz, agintariek kapitalismoaren izenean hartzen dituzten neurriak gizarteak onar ditzan, mugimendu faxistak sustatu behar dituztelakoan dago.
Horretan ari direla uste du Lopetegik, «horren adierazle instituzionala dira VOX bezalako alderdiak, mugimendu hauek hauspotzen dituzten Vito Quiles bezalako kazetari eta hedabide ultraeskuindarrak daude, eta beste alde batetik zuzenean eskuadroi faxistak daude, Desocupa eta Falange bezalakoak».
Azken boladan indarra hartzen ari diren joera politikoek eta diskurtsoek erantzun antolatua eskatzen dutela aldarrikatzen du GKSk. Eta Euskal Herrian antolatzeko beharra dagoela. Taldeak ohartarazi du fenomenoa ez dela kanpoko kontua, haien arabera «euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa» ere agertzen ari da, sare sozialetan zein kalean ikus daitezkeen pintaketa eta mezuen bidez. «Guk uste dugu beste lurralde batzuetan faxismoak zabalpen eta errotze handiagoa duela Euskal Herrian baino, hemen horren kontrako borondate eta borroka handia eraman delako, eta guri dagokigu horretan lan egitea, biderik ez uztea faxismoari aurrera egiteko», dio Bidasoko GKSko kideak.
Aurkezpenak Irunen eta Hondarribian
Hartara, Euskal Herrian horri aurre egiteko antolakuntza badagoela erakusteko helburua dute, eta kaleak hartzeko deia luzatu dute urtarrilaren 31ko manifestazioekin Bilbon eta Iruñean. Bidasoaldetik autobusak antolatuko dituzte, baina informazio gehiago emateko bilera bana antolatu dute Irunen eta Hondarribian. GKSk iragarri duenez, urtarrilaren 17an, Irungo Palmera Montero gunean elkartuko dira 11:00etan, eta manifestazioaren nondik norakoak azaltzeaz gain, faxismoa nola ezaugarritzen den aztertzeko Zerocalcare (Michele Rech) komikigile italiarraren 'Questo mondo non mi rendera cattivo' telesaila ikusi eta aztertuko dute.
Hondarribian, berriz, urtarrilak 22an 19:30ean Olagarro elkartean luzatu dute deialdia. Manifestazioaren aurkezpena, pintxo-potea eta azaroan Irungo Moskun aurkeztu zuten Gazte Komiteek prestatutako "Palestina askatzeko ISRAEL DESEGIN" kale-erakusketa ere ekarriko dute.