Astigarragako Petritegi sagardotegian bildu ziren atzo hainbat lagun 2026ko txotx denboraldiari hasiera emateko. Aurtengo omenduak Euskal Selekzioko pilotariak izan ziren, 2025 urtean lortutako garaipenak aitortzeko. Garaipenik handiena Euskal Selekzioak ofizialki Munduko Txapelketan egindako debuta izan da eta hori ospatzeko taldeko pilotariak izan ziren aurtengo sagardoa dastatzen lehenak. Hori baino lehen ordea, sagarrondoa ere landatu zuten, sagardoaren kulturan eurek ere beren aletxoa jarriz.
Omenduak izatea beti da berezi, baina aurtengoan, ofizialtasunaren aldeko borrokan, hunkigarria izan zen pilotariak “sagardo berria” oihukatzen aditzea. Tartean, Beñat Lizaso pala egokituko pilotari irundarra egon zen, modalitate honentzat ere lehen aldia baitzen Munduko Txapelketan parte hartzen eta beraiek ere horrela bizitu zuten momentua, irundarrak berak aitortu bezala: “Horrelako omenaldi bat ez duzu inoiz espero, baina lortutako emaitzek badute beren fruitua eta hunkigarria da. Guretzat lehendabiziko aldia da mundu mailan ofizialki jokatzen eta amesteko aukera ematen dizu horrek. Lanean gabiltza beti eta, sagarrondoak bezala, gure lanak ere fruituak eman ditu aurtengoan”.
Enara Gaminde eta Eñaut Lizeaga izan ziren aurtengo sagrado dastatzeko aukera izan zuten bertze bi pilotariak. Gamindek “ilusioa eta harrotasuna” erakutsi zuen atzoko egunean. Gehitu zuenez, “gure kulturaren espresioa da txotxaren irekiera eta beraz, eskertuta gaude gonbidapenagatik eta aitortzagatik”. Lizeagak Euskal Selekzioak aurten lortutakoa goraipatu zuen eta aitzindu zuen “oraindik ere lan handia dagoela egiteko”, baina pilotan, eta bertze kiroletan ere, selekzio berdeak “indarra” hartzeko aukerarekin amesten duela onartu zuen.
Sagardoaren eta pilotaren arteko antzekotasunak azaleratzeko eguna izan zen atzokoa eta hori bera egin zuen Jose Mari Mitxelena Euskal Selekzioko ordezkariak bere hitzartzean: “Eskuz jokatzeko gure pilotek eta sagarrek tamaina beretsua dute. Sagar modalitateak gainera, anitzak dira, 106 daude guztira eta pilota modalitateak ere 30 dira. Azken urteetan indarra hartu duen modalitatea xistera da eta hori, garai batean, sagarrak biltzeko tresna zen, gerora pilotara egokitu duguna. Hitzak ere antzekoak dira bi mundutan, txotx eta txost, adibidez. Gernikan Euskal Selekzioak lehen aldiz Munduko Txapelketan parte hartu zuenean, txinparta piztu zela erran zen, sagardoarena bezalakoa. Guretzat euskal pilota zerbait gehiago da, kultura, historia eta ondarea da, sagardoarekin batera eta elkarrekin bide luze eta oparoa izanen dugulakoan gaude”.
Sagar uzta handia eta sagardo arina
Sagardo berria probatu aitzinetik, eta ekitaldiari bukaera emateko, Unai Agirre Euskal Sagardoa izendapenaren zuzendariak aurtengo uztaren berri eman zuen. Aipatu zuenez, “2025eko uzta handia izan da, sagar urtea tokatzen baitzen. Guztira, 4.000.002 kilo sagar bildu da Gipuzkoa, Araban eta Bizkaian eta 3 milioi litro sagardo egin dira, 46 sagardotegietan”. Sagardotegiak “gustura” daudela ere azaldu zuen, “aukeratutako sagarrekin sagardoa egin” delako eta horrek “kalitatea” ematen diolako edaria. Txotxean modalitate ezberdineko sagarrekin egindako sagardoa dastatzeko aukera egonen dela aitzindu zuen. Zaila egin zitzaion Agirreri modu bakarrean laburbiltzea aurtengo sagardoa, baina orokorrean, “arinagoa eta alkohol graduazio txikiagokoa” izanen dela jakinarazi zuen.