TeknoFrekuentzia

“Urte berri, arazo zahar”

Aitor Errazkin 2026ko urtarrilaren 16a

Gaurko Teknofrekuentzia saioa pixka bat revival izango da.Iaz jorratutako gai batzuk berriz mahai gainean jarriko ditugu, zoritxarrez oraindik ere pil-pilean jarraitzen dutelako. Atal honi “Urte berri, arazo zahar” izena jarri diogu. Eta hasteko, futbola, Internet eta LaLigaren blokeo polemikoaz hitz egingo dugu.

Gaurko saioan atzera begira jarri behar dugu, baina ez nostalgiaz, baizik eta arazoak konpondu gabe jarraitzen dutelako. “Urte berri, arazo zahar” atalean, azken hilabeteetan berriz ere indarra hartu duten hiru gai landuko ditugu: LaLigaren Interneteko blokeo masiboak, Europar Batasuneko ChatControl legearen saiakera berria, eta Palestinaren aurkako zentsura eta suntsiketa digitala.

Lehenengo gaia futbola da, edo hobeto esanda, futbolaren aitzakiarekin egiten ari den Interneteko zentsura. Apirilean hitz egin genuen honetaz, baina berriro azaldu beharrean gaude. LaLigak, futbol-emisio piratak saihesteko asmoz, epaile baten baimenarekin Interneteko webgune askoren sarbidea blokeatzen ari da. Arazoa da blokeo horiek ez direla webgune piratetara mugatzen. Guztiz zilegiak diren zerbitzuak ere kaltetu dituzte: RAE, GitHub, Reddit edota online denda ugari izan dira “futbolaren biktima”.

LaLigak ez du webgune piratak banan-banan identifikatu eta blokeatzeko bidea hartu. Horren ordez, Interneten segurtasuna bermatzen duen enpresa baten kontra jo du: Cloudflare. Cloudflarek diskotekako porteroen antzera funtzionatzen du: trafiko maltzurra gelditzen du, eraso masiboak xurgatzen ditu eta webguneak martxan mantentzen ditu. LaLigaren diskurtsoaren arabera, Cloudflarek piratak “babesten” ditu, eta horregatik blokeatu behar da. Baina blokeo horrek ez du bereizketarik egiten: erabiltzaile zilegiak eta maltzurrak zaku berean sartzen ditu. Hor dago arazoaren muina.

Testuinguru honetan, ezin aipatu gabe utzi LaLigako presidentea den Javier Tebasen jarrera. Gero eta gehiago darabil Donald Trumpen antzeko diskurtso eta tonua. RAEko zuzendariari irainak egin zizkion, idazten ikasi behar zuela esanez, eta oraingoan Cloudflareko arduraduna “narcoMaduro” bihurtzen ari dela adierazi du. Bitxia da: hizkuntzaz zuzentzera ausartzen den gizon berak, agian, norbaitek azaldu beharko lioke zer esan nahi duten erabiltzen dituen hitzek. Agian RAEko zuzendariak golak nola sartzen diren azaltzea tokatuko zaio.

Bigarren gai potoloa ChatControl da. Europar Batasunean ezarri nahi den lege honek Interneteko espioitza masiboa baimenduko luke. Hiru aldiz saiatu dira legea onartzen, eta hiruretan atzera bota dute, arrazoi argi batekin: ezin da herritarren komunikazioa ikuskatu epailearen agindurik gabe, eta ezin da zentsura sistematikoa ezarri. ChatControl legeak, funtsean, gure komunikazioen enkriptazioa apurtu nahi du, ustezko haur pornografia detektatzeko aitzakiarekin.

Enkriptazioa gutunak sobre baten barruan bidaltzea bezalakoa da: bidaltzaileak eta hartzaileak soilik ikusten dute edukia. ChatControl indarrean jarriz gero, postalak bidaltzera behartuko gintuzkete, eta norbaitek irakurri eta epaituko luke edukia egokia den ala ez. 1984ko film edo eleberri baten antza hartzen dio egoerak, eta horrek estatu batzuk legearen kontra bozkatzea eragin zuen.

Hala ere, legeari moldaketak egin dizkiote eta berriz saiatu dira. 2025eko abenduan nobedadeak iritsi dira: orain ez omen da derrigorrezkoa izango gure komunikazioak irakurtzen dituen aplikazioa instalatzea… baina instalatzen ez duenak ezin izango du enkriptazioa erabili. WhatsApp bezalako aplikazioek, defektuz, mezu guztiak enkriptatzen dituzte, beraz arazo bera dugu berriro. Gainera, erakunde espezifiko bat sortu nahi dute komunikazioak zelatatzeko eta “eduki desegokia” salatzeko. Zer den eduki desegokia, ordea, ez dago argi definituta, eta horrek positibo faltsu ugari ekarriko dituela aurreikusten da.

Azkenik, Palestinari buruz hitz egin behar dugu. Teorian su-etena badago ere, Israelek telekomunikazio-azpiegiturak suntsitu ditu, eta Gazan komunikatzea edo lan egitea oso zaila da. Rafahtik sartzen zen Interneteko konexioa suntsituta dago oraindik, eta horrek Gazako ekonomia digital txikia erabat desagerrarazi du.

Horrez gain, multinazional handiek Microsoft, Meta eta bere plataformek, Instagram eta WhatsApp kasu,Palestinaren aldeko edukia zabaltzen duten kontuak zentsuratzen jarraitzen dute. 7amleh gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako txostenaren arabera, abenduan bakarrik 300 eraso digital dokumentatu dituzte, gehienak sare sozial komertzialetan. Horietatik 23 Instagram kontu itxi dituzte Palestinaren aldeko edukiak argitaratzeagatik.

https://7amleh.org/post/monthly-dec-25-en
https://mullvad.net/es/blog/an-important-victory-but-we-still-need-to-stop-chat-control
https://www.advanced-television.com/2026/01/12/la-liga-president-blasts-cloudflare/