Lur-erortze berri bat izan zen joan den astean Ziburu eta Hendaia arteko kostaldeko bidean, Juantxo kanpinaren eta bunker zaharraren arteko zatian. Horren ondorioz, zirkulazioa zentzu bakarrean ezarri zuten Ziburun eta Urruñan. Eta horren ondotik, Itsasbazterreko Kontserbatorioa (CPIE-IEZI) eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Erlaitzaren biderako Gidaritza Batzordean diren herriekin (Hendaia, Biriatu, Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizune) lur sail batzuk jabeei erosteko adostu dute.
Horrek, lur-jausi arrisku handiena duten bost guneetan, errepidea atzeratzeko aukera emango du. Gidaritza Batzordeak aditzera eman duenez, zehazki, Itsasbazterreko Kontserbatorioaren lurrak Departamenduari salduko dizkio errepidearen zati berriak egin ahal izateko, eta horren truke, oraingo errepideak hartzen dituen ordezkatutako zatiak kontserbatorioak hartuko ditu bere gain.
Monitorizazio eta azterketa etengabea
Erlaitzako bidearen higadurak arazo franko sorrarazi ditu azken urteetan, eta Gidaritza Batzordea aspaldi ari da irtenbideak atzeman nahian. Izan ere, 2021ean lehen lur-jausi garrantzitsua eman zenetik, hainbatetan D912 errepidearen zirkulazioa debekatzeko erabakia hartu behar izan dute departamenduko agintariek, zehazki, alarma geologikoa piztu ondoren.
Izan ere, Departamenduko zerbitzuek gunearen eguneroko jarraipena egiten dute. Agintariek aditzera eman dutenez, datozen egunetan drone bidezko neurketak aurreikusi dituzte. Baina 2021az gero, hainbat azterketa egin dituzte bertan. Geologikoak ez ezik, errepidea itxita egon den denbora tarteetan, gainerako bideetan honek zirkulazioan izan duen eragina neurtzeko ere. Izan ere, Erlaitzako bidean neguan 9.000 ibilgailu, eta opor garaietan 16.000 inguru ibiltzen dira batez bestean.
Hendaiako herriko etxeak bere partetik, 2024ko maiatzean hainbat astez itxita egon zen epean, honek Hondartza auzoan izan zuen inpaktu ekonomikoa aztertu zuen. Eta auzoko merkatarien eta ostalarien kasuan, %30eko galerak ondorioztatu zituen.
Epe baterako aterabidea
Hasiera batean errepidea itxi, eta barnealdera berri bat egiteko aukera aztertu zuten. Baina halako proiektu batek gutxienez 80 milioi euroko inbertsioa eskatuko zuela baloratu zuten. Filipe Aramendi Urruñako auzapezaren iritziz kostaldeko errepidea erortzen ari da, eta behin behineko irtenbidea atzeman dute azkenik. Baina «denbora mugatu baterako aterabide bat atzemana izan da, hots, bost puntutan bidearen gibelapen batzuk egitea. Gure bilkuretan aipatua izan da hamar urteren buruan bide hori hestea, eta aterabideak bilatu behar direla», dio Urrunako auzapezak.
Iker Elizalde, Departamenduko kontseilariak ere, argi du «denbora irabazteko proiektua» dela. Bere ustetan, «Erlaitzaren higaduraren jarraipena egin beharra dago, baina 10-15 urte barru egoera berean egon gaitezke, lerroa ez bada mugitu errepidea zabalik jarraituko du, baina bitartean alternatibak bilatu behar dira». Alde horretatik, Gidaritza Batzordean Erlaitzako bideak gaur egun jasotzen duen zirkulazioa berbideratzeko «D810 errepidea hobetu, eta garraio kolektiboa indartzeko beharra» ikusten du, bereziki, autobus eta tren zerbitzuen bitartez, «gaur egun bide hori autoz egiten duenak, hau etxean utz dezan alternatibak» eskainiz.