Urtarrilaren 28tik aurrera Euskotreneko Bidasoaldeko erabiltzaileek kontrako nasatik sartu beharko dute trenera

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 21a

1983az geroztik Hendaia-Amara arteko Topoaren zerbitzua gainerako Euskotren zerbitzuen kontrako noranzkoan ibiltzen da. Baina Donostiako lur azpiko hiru geltoki berriak martxan jartzen diren unean zerbitzu guztiek bat egin dezaten, Hendaia-Pasaia arteko erabiltzaileek gaur egun ohiko joan-etorrietan erabiltzen duten nasaren kontrakotik sartu beharko dute trenera urtarrilaren 28tik aurrera. Topoaren zirkulazioaren noranzkoa homogeneizatzeko prozesua pixkanaka egokituko dute Amarako geltokiraino.

Hendaia eta Pasaia arteko Euskotreneko zerbitzuak aldaketa nabarmena jasango du heldu den astetik aurrera. Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak aditzera eman dutenez, Topoaren zirkulazioaren noranzkoa gainerako trenbideetara egokitzeko helburuarekin, trenek ezkerreko bidea erabiltzen hasiko dira. Izan ere, gaur egun eskuinetik doa berezko martxaren kontrakoan. Urtarrilaren 28an Hendaia eta Errenteria arteko ibilbidean egingo dute aldaketa. Horren ondorioz, Hendaia-Pasaia zatiko topoaren erabiltzaileek gaur egun ohiko joan-etorrietan erabiltzen duten nasaren kontrakotik sartu beharko dute trenera. Toparen zati honek, batez bestean, 47.500 bidaiari hartzen ditu lanegunetan.  

Urtarrilaren 29tik aurrera, aldiz, Galtzaraborda eta Pasaiara ere luzatuko dute honako aldaketa. ETSk iragarri duenez, 2026an zehar, aldaketa pixkanaka iritsiko da gainerako geltokietara ere, Amararaino, Donostiako lur azpiko hiru geltoki berriak martxan jartzen diren unean.

Euskotrenek argitu deuenez, segurtasuna bermatzeko eta erabiltzaileak egokitzen laguntzeko, ETSk geltokietako arreta indartuko du, seinaleztapen espezifikoa instalatuko dute eta megafonia bidez abisuak emango dituzte zerbitzu osoan zehar aldaketa gogorarazteko. Halaber, trenek aldaketa teknikoak eta software espezifiko bat izango dituzte gidariei laguntzeko.

Argitu dutenez, nasaren aldaketa hori beharrezkoa da etorkizunean Hendaia-Zarautz tren-lotura egin ahal izateko, Donostiako trenbide-pasantea inauguratu ondoren. Izan ere, gaur egun, Frantziako mugaren eta Gipuzkoako hiriburuaren (Topoa) arteko trenak eskuinetik doaz, eta Euskotrenen gainerako sarean, Donostiatik Bilboraino, ezkerretik ibiltzen dira. Orain arte, Amara izan da noranzko aldaketa hori egiteko gunea, hain justu, lineak hasi eta amaitzen diren puntua baita. Baina pasantea hurrengo hilabeteetan martxan jartzen denean, ez da halakorik izango. Hortaz, tren guztiek noranzko berean zirkulatu beharko dute, martxaren noranzkoaren ezkerretara.

Aldaketa horrek bidaia-fluxua optimizatuko du, konexio-denbora murriztuko du eta erabiltzaileen esperientzia hobetuko duela nabarmendu dute. 

Topoaren noranzkoen salbuespena

Ezkerretik zirkulatzen da, adibidez, Frantzian, Espainian, Suitzan, Belgikan eta Italian. Aldiz, Holandan, Estatu Batuetan edo Alemanian eskuinetik doaz trenak. Euskotrenen eta ETSren 200 kilometroko euskal trenbide-sarean, orain arte, ezkerretik zirkulatzen duten lineak egon dira, hala nola Bilbo eta Donostia lotzen dituena (E1), baita eskuinetik zirkulatzen duten beste batzuk ere, zehazki, Topoa (E2 Amara-Hendaia). Jatorriz, sare osoa ezkerretik zihoan, baita Bilbo eta Donostia artean ere, baina 1983an Euskadik jasandako uholde larriek seinaleztapen-sistema osoa suntsitu zuten Bizkaiko hiriburuaren eta Lemoako geltokiaren artean dagoen trenbide bikoitzeko zatian. Euskotrenek egoera hori baliatu zuen zati horretako ezkerreko zirkulazioaren noranzkoa aldatzeko.

Etorkizuneko metroarekin konektatzeko asmoari erantzun zion erabakiak, baita tren-gidariek nasen gainean duten ikusteko ahalmena hobetzeko helburuari ere. Izan ere, une hartan eskuragarri zegoen material mugikor guztiek ezkerraldean baitzuten gidatzeko postua.