Gaurko programan informatika eta irakurzaletasuna uztartuko ditugu, izan ere, idazle eta ekintzaile bati buruz hitz egingo dugu: Cory Doctorow. Gizon hau hizlari eta idazlea da ofizioz, baina hitz bakar batekin definitu beharko bagenu, nik argi daukat: hacktibista.
Eta zergatik hacktibista? Hitz honek bi arlo elkartzen dituelako: aktibismo politikoa eta hacker mundua. Eskubide digitalen alde lan egiten duen jende askok bere burua horrela definitzen du. Kontzeptua 90eko hamarkadan sortu zen, Internet haztapenetan zegoenean, mugarik gabeko gune gisa ulertzen zenean: askatasunaren espazio bat, beste modu batera esanda. Askatasun hori defendatzeko sortu ziren hacktibistak, eta urteak pasa diren arren, gauzak asko aldatu badira ere, izpirituak bizirik dirau.
Izpiritu horren ikono gisa ikus daiteke Cory Doctorow bera. Berak asmatu zuen enshitification kontzeptua ere, edo euskaraz esanda, kakazte prozesua. Hitz honekin multinazional teknologiko askok jarraitzen duten bidea deskribatzen du: hasieran pertsonentzako onuragarriak diren zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina enpresa hazten doan heinean, erabiltzaileen kontra jartzen hasten dira. Adibide argia Google da: hasierako leloa “don’t be evil” zen, hau da, ez izan deabrua. Gaur egun, ordea, behin baino gehiagotan zigortua izan da datu pertsonalak modu desegokian erabili edo saltzeagatik.
Hori dela eta, galdera bat luzatu nahi diegu gure entzuleei: nola itzuliko zenukete zuek enshitification hitza? “Jendea kakaztea” erabili izan da, baina nik uste badagoela horretarako hitz hobe bat. Beraz, dei egiten diet euskara filologo, idazle eta sortzaileei, ea itzulpen finago eta zehatzago bat bururatzen zaien.
Doctorowren ideiei buruzko hitzaldi oso interesgarriak aurki daitezke sarean, bai YouTuben bai PeerTuben, multinazional teknologikoen eboluzioari eta botere harremanei buruz. Baina, Maider, liburuez ere hitz egin behar genuen: zein gomendatuko zenieke gure entzuleei?
Zalantzarik gabe, Little Brother euskaraz Anaia txikia. 2007koa da liburua, baina ez du gaurkotasunik galdu. Protagonistak San Frantziskoko gazte talde bat dira: mugikorrarekin online joko batean ari direla atentatu terrorista bat gertatzen da inguruan. Poliziak atxilotu egiten ditu, eta haietako bat desagertu egiten da, inork ez dakiela non dagoen. Hortik aurrera, protagonistak eta bere lagunek antolatzeko eta erantzuteko bideak bilatzen dituzte… gehiago jakin nahi baduzue, liburua irakurri beharko duzue.
Liburua deskargatzeko aukera dago, EPUB formatuan, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez. Aipatzekoa da Cory Doctorowk bere liburuak Creative Commons lizentziarekin argitaratzen dituela, askatasunaren eta kulturaren aldeko apustu argia eginez. Little Brotherrek bigarren zatia ere badu, Homeland izenekoa, eta hori ere oso gomendagarria da.
https://craphound.com/littlebrother/download/
https://github.com/daureg/petit-frere
https://peertube.openrightsgroup.org/w/tXcrMSjM994RdFLVNER5f5