Pedro Morrondo: «Gabezia nabariak ditugu, baina osasungintzaren egoera zuzentzeko lauzpabost urteko proiektua dugu»

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 27a

ESI Bidasoko gerente berriak sei hilabete egin ditu osasun zerbitzuak hobetzeko erronka onartu zuenetik, eta hasi berri dituzten ospitaleko bloke kirurgikoaren lanez harago, "lantaldea berrantolatu, sendotu eta talentu berria erakartzeko" neurriak hartu dituela azaldu du. Itxaron-zerrendak arintzeko Urologian eta Traumatologian hobekuntzak egin direla argitu du, eta pediatria eredu berria gizarteratzeko eskutitz bana igorriko zaie Bidasoaldeko familiei.

Azken urteetan herritarrek hamaika bider salatu dituzten ESI Bidasoak dituen gabeziak zuzentzeko proiektua martxan dagoela aditzera eman du Pedro Morrondo Valdeolmillos, ESI Bidasoko zuzendari berriak. Abuztuan onartu zuen erronka, 2022tik Debagoieneko osasun zentroen kudeaketan aritu eta gero. Baina medikua dela azpimarratzen du, eta Donostiako Ospitaleko UCIn 25 urteko eskarmentua duenez, Bidasoaldeko ospitaleko zein Lehen Arreta Zentroetako profesionalek bizi duten egoeraz azkar jabetu dela dio. "Zailtasun nabariak dauzkagu, baina konponbideak bilatu behar ditugu, eta horretarako proiektu berri bat abiatu dugu. Ez dugu egun batetik bestera dena konponduko, baina lauzpabost urteren buruan aldaketa erabatekoa izango da", azaldu du Bidasoko ospitaleko eraikin anexoan abenduan zabaldu berri duten administrazio-bulegoen eraikinean egindako agerraldian.
 
Azpiegituretan hobekuntzak
 
Leku aldaketa egin berria dute, eta azpiegiturei dagokienez, honakoa da ospitaleko martxa hobetzeko Osakidetzak eman duen lehen urratsa. Izan ere, ospitaleko bigarren solairua hustutzea ekarri du. Eta urtarrilaren 16an hasi ziren bertan Bloke kirurgiko berria egokitzeko lanak. Azaldu duenez, sei ebakuntza-gela, eguneko ospitalizazioa eta, oro har, eskualdeko gaitasun kirurgikoa %50 batean hobetzea ahalbidetuko duten obrek 24 hilabeteko epea dute, eta 24,7 milioi euroko inbertsioa suposatzen dutela nabarmendu du. 
 
Urtarrilaren 16an hasi dira 24 hilabeteko bloke-kirurgiko berriaren lanak.
 
Azpiegitura aldetik, Irun-Hondarribiko anbulatorioetan epe laburreko zein luzerako hainbat proiektu daudela azpimarratu du ere. Otsailean Irungo Udalak lagatutako Oinaurreko lursailean laugarren eskualdeko Lehen Arreta Zentroa eraikitzeko proiektuaren erredakzioa esleituko dutela iragarri du. Eta epe laburragoan, Irungo Udalak Alarde kalean utzitako 500 metro koadroko lokaletan, Irun-Erdiguneko anbulatorioa "deskongestionatzeko" eta lehen arretako pediatria zerbitzuak egoitza egokiago batean zentralizatzeko aukera izango dute. Pedro Morronek aurreratu duenez, 2026an egingo dituzte egokitze lanak, eta 2027rako operatibo egotea espero du. Era berean, epe luzeagoan Irun-Erdiguneko anbulatorio berria eraikitzeko proiektuak borobilduko luke Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako inbertsio plana. 
 
Alde horretatik, Irun-Erdiguneko anbulatorioa lehentasun bat dela azaldu du Pedro Morrondok. ESI Bidasoko ardura hartu eta osasun zentroak ezagutu zituen mementoan, Lehen Arreta Zentro honek zituen "baldintza desegokiek arreta piztu" ziotela aitortu baitu. Are gehiago kontuan hartuta herritar gehien jasotzen dituen osasun zentroa dela.
 
Lan karga eta profesional eskasia
 
Gaur 85.276 herritar (TIS txartel) aintzat hartzen dituen osasun sistema kudeatu beharra duela aditzera eman du, horietatik 17.500 Hondarribiko Itsas Etxean, 31.000 Irungo Dunboan eta gainerako 37.000 inguru Irun-Erdigunekoan dituzte erreferentziazko medikuak. Baina "eskualde berezia da, eta profesionalen lan karga neurtzea zaila da urtaroaren araberako poblazio flotantea handia delako, eta mugaz gaindiko herritarrek ere jotzen dutelako ESI Bidasora", argitu du. Izan ere, Bortzirietako 9.000 lagun inguruk eta Hego Lapurdiko 4.000 mugaz gaindiko bizilagunek ere bertan artatuak izateko eskubidea dute.
 
Abenduan lekuz aldatu zituzten ospitaleko administrazio bulego guztiak eraikin berrira. 
 
Hala eta guztiz ere, obra eta inbertsioen eragina nabaritzeko itxaron beharko bada, gerente berriak identifikatu dituen beste hainbat gabezia zuzentzeko bidean daudela argitu du. Lan karga eta zerbitzu guztietan dauden plaza hutsak estaltzeko profesionalen falta baita bere ustetan arazorik larriena. "Kontratatzeko gaitasuna dugu gaur egun, baina medikuntzan langabezia tasa %0koa da, eta profesionalek non lan egin nahi duten erabaki dezaketen heinean, Bidasoaldean lan egitea erakargarri izan dadin lanean ari gara talentu berria ekartzeko, niretzat mantra bat da hori, eta zerbitzuen egonkortasuna bermatzeko ezinbestekoa", azaldu du Pedro Morrondok. 
 
Argitu duenez, "gaztea, bizia eta gogotsua" den lantaldea topatu du, baina "zerbitzu denetan bakanteak daude". Bere ustez, "osasun katean katebegi batek huts egiten badu zerbitzuan sumatzen da, eta azpiegiturak garrantzitsuak badira, baliabide humanoak aldiz oinarrizkoak".
 
Berrantolaketa hobetzeko
 
Egoera honek zenbait zerbitzu bertan behera uztera behartu du ESI Bidasoa azken urteetan, eta itxaron-zerrendak luzeak direla aitortu du. Hartara, ESI Bidasoko gerentea denetik iragan diren sei hilabeteotan osasun zerbitzuak eraginkortzeko helburuarekin berrantolaketa bat egin dutela dio. Horri esker, "gauzak hobetzen hasiak dira" bere ustez. Eta adibideak eman ditu. Urologia zerbitzuko lau plazak hutsik jarraitzen dute ESI Bidasoan, baina Donostialdeko ESIrekin akordioa lortu dute hango bi medikuk %50 batean Bidasoan lan egiteko. "Horri esker, Urologiako ospitalizaziorik gabeko interbentzio txikiak otsailaren 3an berreskuratuko ditugu Bidasoko ospitalean", iragarri du. 
 
Era berean, Bidasoko ospitalean otorrino interbentzio txikiak berriz egiteko zirujano bat kontratatu dute, eta Traumatologian zerbitzua berrantolatu eta arduradun berria eta mediku bat gehiago hasi da lanean. 
 
Lehen Mailako Arretari dagokionez, bestalde, sarea operatibo dagoela azpimarratu du, eta azken hilabeteetan "zenbait deskoordinazio eta baja" pairatu behar izan dituzten arren, gaur hitzorduak batez bestean 48 ordu baino gutxiagoan ematen dituztela ziurtatzen du Morrondok. Hortaz gain, Pediatrian erizaintzako kupoen %100 betetzea lortu dute, eta zazpi pediatra plaza betetzea lortu dute. Une honetan, ESI Bidasoan 13 pediatra daude, eta anbulatorioetan estali beharreko 13 ordutegietatik 12 (%92) titulardunekin estaltzen dituztela esan du gerenteak.
 
Pediatria zerbitzu eredu berria
 
Haatik, joan den apirilean ospitalean itxi zituzten Larrialdi Pediatrikoei dagokienez, ez dira itzuliko. Morrondok argitu nahi izan du, "orain arteko pediatria eredua ezin zelako mantendu, eta gure akatsa izan da komunikatzerako garaian, baina jendeak ez du ulertu eredu berri bat ezartzen ari garela". Dioenez, larrialdi baten aurrean ospitalean beti artatuko dute, izan heldu ala haur bat. Baina gainerakoan "erreferentziazko pediatrak jarraipena egin dezan Lehen Arretak kudeatuko du". Udaberrian iragarri zituzten zerbitzuak bermatzeko zailtasunak izan dituztela aitortu du Morrondok, baina une honetan goizeko 8:00etatik 17:00etara anbulatorioetan pediatria dagoela, eta 17:00etatik aurrera Irun-Erdigunekoan PAC zerbitzua "urteko egun guztietan segurtatzeko" mediku eta erizainak kontratatu dituztela nabarmendu du. 
 
Alde horretatik, "aldaketak ulertu eta ohiturak egokitzeko informazio gardena eta komunikazio egokia" beharrezkoa dela uste du Pedro Morrondok. Eta iragarri duenez, Bidasoaldeko familia guztiek eskutitz bana jasoko dute datozen egunetan, norbere haurrari dagozkion pediatria zerbitzuen ordutegi, zentro, mediku eta erreferentziazko erizaina zein den argitzeko.
 
Guztion konpromisoa eta lankidetza
 
Garatzen hasi diren proiektuaren bide-orria argi dauka Pedro Morrondok, eta "denborak esango du hobekuntza ekartzen duen ala ez, eta hauek sendotzerik dagoen". Baina bidasotarrek aldarrikatzen duten osasun zerbitzuen hobekuntzan lanean ari direla hitzeman du, eta honen garapenari buruzko datuak "deus estali gabe" jakinaraziko dituela aditzera eman du. 
 
ESI Bidasoko gerente lanetan daramatzan sei hilabete hauetan horrela jokatu duela azpimarratu du. Ospitaleko eta Lehen Arretako profesionalekin diagnostikoa egiteko bileretan lehenik, Irungo eta Hondarribiko udal agintariekin gero, eta joan den azaroan Osasun Bidasoa Plataformako ordezkariekin izandako bileran ere, "lankidetzarako borondate zintzoa" ikusi duela azaldu du. Eta beharrezkoa izango dela deritzo: "Estatuko osasun publikorik onenetakoa dugu oraindik, baina argi dago gabezia agerikoak dauzkagula, eta une garrantzitsu batean gaudela, osasun publikoa denon kontua da, eta denon beharra izango dugu aurrerantzean".