EH Bilduk Txingudiko Zerbitzuetako (Txinzer) greba komitearen eta bertako langileen aldarrikapenak aintzat hartu, eta zuzendaritzari lan hitzarmen berriaren baitan elkarrizketari eta negoziazioari ekin diezaiola eskatu du. Koalizio subiranistak oroitarazi du, «Irungo eta Hondarribiko udalen mendeko enpresa publikoa den heinean, gure eskualdeko oinarrizko zerbitzu publiko honen ardura zuzendaritzaren gain ez ezik, udalen gain ere badagoela». Izan ere, Administrazio Kontseilua eta erabakigune duten Txingudiko Mankomunitateko Asanblada bera tokiko erakundeetako ordezkari politikoek osatzen dute.
Alde horretatik, «enpresa publiko honek gure herrietan funtsezkoa den ur hornidura, saneamendua eta hondakinen kudeaketa egiten du», azpimarratu du EH Bilduk. Eta beraz, herritar guztiak hunkitzen dituen oinarrizkoa den zerbitzua dela kontuan hartuta, «bertako langileen lan baldintzak udal langileen lan-baldintzetara egokitzeko eskaeraren aurrean zuzendaritzari, zein udalei, elkarrizketari eta negoziazioari bideak irekitzeko ardura dagokie».
Hartara, Txinzerreko kontseilari den heinean, EH Bildutik zerbitzu publikoen kudeaketa arduratsu baten alde egin beharra dagoela, eta azken hilabeteetan izandako kontseilu eta bileretan, betiere, bertako langileen lan baldintzen duintasuna babestu duela azpimarratu dute. Beraz, Txinzerreko zuzendaritzari «arduraz jokatu eta lan hitzarmenaren elkarrizketari eta negoziazioari ekin diezaiola» eskatu du EH Bilduk, «lan gatazkak negoziazioarekin bakarrik bideratzen baitira».