Aurten ez da Bidasoa Itzuliarik ospatuko

Paola Oskoz 2026ko otsailaren 2a

Bidasoa Itzuliko antolakuntza taldeak jakinarazi du aurten ez dela lasterketaren edizio berririk ospatuko. Taldeak ez du nahikoa babeslerik bildu proba aitzinera eramateko eta beraz, 2026ko edizioa berta behera uztea erabaki du. Lasterketa antolatzen duten boluntarioen esfortzua lehenetsi dute eta hausnarketarako baliatuko dute momentua, heldu den urtean indartsuago bueltatzeko helburua begiz jota dutela. 

Bidasoa Itzulia Kirol Elkarteak pasa den ortzirale arratsaldean jakinarazi zuen aurten ez duela lasterketa antolatuko. Maiatzaren 8tik 10era aurreikusia zegoen Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa ospatzea, baina hori aitzinera ateratzeko beharrezko babesa bildu ezinik, bertan behera uztea erabaki du antolakuntza taldeak. Urtean zehar lasterketaren antolakuntzan lanean dihardutenen indarra gorde eta hausnarketarako momentua irekiko dute orain, heldu den urtean errepideetan bueltan egoteko helburua begiz jota dutelarik. 

Pausu bat gibelera egin, hurrengo jauzian altuago hegan egiteko. Hori izan da Bidasoa Itzulia Kirol Elkarteak hartutako erabakiaren estrategia, arnasa hartu indartsuago bueltatzeko. Maiatzaren 8tk 10era zen ospatzekoa lasterketaren 52. edizioa, baina bertan behera uztea erabaki du taldeak, “azken hilabeteetan klubetik lasterketaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko zuten diru iturrien bila ibili arren”, ez dutelako “gutxieneko helburua lortu”. Ez da aurtengo arazoa izan soilik, azken urteetan errepikatu den oztopoa baino: “Aurreko urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren ez-ohiko esfortzu bikainari esker lasterketa aurrera ateratzea lortu bagenuen ere, adabakiekin aurrera jarraitzea etorkizunerako kondena izango dela uste dugu”: 

Hori izan da Bidasoa Itzulia ez antolatzearen arrazoi nagusia. Zaila izan bada ere, “buru hotzarekin” hartutako erabakia izan da, probak eskatzen duen esfortzua aurreztu eta indar horiek orain hasiko duten probaren inguruko hausnarketa prozesura bideratzeko: “Bidasoa Itzulia antolatzen bolondres taldea aritzen gara, ordu asko eskaintzen lasterketa aurrera eramateko. Gure denbora ordea ez da mugagabea eta horrek behartzen gaitu esfortzuak lehenestera. Erabaki zaila den arren, aurten hartuko dugun denbora etorkizuna lantzeko inbertsio onena izan daitekela uste dugu datozen urteetan berriz ere erreferentziazko lasterketa izateko”. 

Estatuko afizionatu mailako lasterketarik garrantzitsuena berriz ere errepidera ateratzea izanen da dagoeneko hasi duten hausnarketa prozesu horren helburu garbia, eta horretarako behar den laguntza guztia biltzen saiatuko dira 2026 urte honetan, hain zuzen ere, Bidasoa Itzulirik egonen ez den urtean. Bueltatzeko promesa eginda beraz, taldeak “Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailari eta Bidasoa-Txingudi Partzuergoari” eskerrak eman nahi izan dizkio prozesu honetan euren laguntza eskaintzeagatik. Horrez gain, “isilpeko lan honetan izaten ari garen laguntza eta aholkularitza” ere eskertu nahi izan dute, baita “guregan konfidantza jartzen duten babesle pribatuei eta erakundeei eta lasterketaren urtean laguntzen duten bolondres guztiei” ere.

World Tourrean euskal txirrindulari gutien dagoen momentuan ailegatu da zorigaiztoko albiste hau. Zazpi dira soilik txirrindularitzaren maila gorenean dauden euskaldunak, gizpuzkoar bakarrarekin, Haimar Etxeberria bidasoarra hain zuzen ere. Zalantzarik ez dago, kolpe latza dela Bidasoa Itzulia ez ospatzea eta eragin zuzena izanen duela euskal txirrindulari gazteen profesional mailara jauzian. Irtenbide errazik ez du arazo honek, baina garbi dago afizionatu mailako lasterketetan inbertitzeak soilik eginen diola mesede euskal talentuaren goratzeari.

(Argazkia: Aritz Arambarri)