Asier Ibaibarriaga: «Batzuetan ematen du herri honetan bakeari buruz solastatzea ilegala dela»

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 4a

Euskal politikagintzan leku berezi bat da Elgoibarko Txillarre baserriko sukaldea. Duela bi hamarkada baino gehiago, bertan bildu zituen Pello Rubio baserriko ugazabak ezagun zituen alderdi sozialistako buruzagi bat eta ezker abertzaleko bertze bat. Eta poliki-poliki, aulki gehiago gehitu ziren sutondoaren epelera. Edurne San Martin eta Asier Ibaibarriagak hura nola egin zuen kontatzeko ondu zuten joan den urrian Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa liburua. Asteburuan Lesakan eta otsailaren 17an Hondarribian aurkeztuko dute.

Kaleko giro hotzari sutondoaren epela. Horixe eskaini zion euskal politikagintzari orain dela bi hamarkada baino gehiago Pello Rubiok Elgoibarko Txillarre baserrian. Izan ere, ezagun zituen ikuspuntu ezberdinetako bi gonbidatu hartu zituen bere etxeko sukaldean, solasean has zitezen. Arnaldo Otegi eta Paco Egea ziren, ezker abertzaleko eta alderdi sozialistako bi aurpegi ezagun. Gero, hainbat jende bildu zen mahaira (Jesus Egiguren sozialista, erraterako).

Mugarri garrantzitsua izan zen Rubioren ekina, eta bake prozesuan erranguratsuak izan ziren hizketaldi horiek. Urte batzuk beranduago Rubio Edurne San Martinekin elkartu zen Elgoibarko auzo bateko bestetan, eta bigarren honek erabaki zuen pasadizo horiek gorde egin behar zirela. Asier Ibaibarriagari aipatu, eta elkarlanean ondu zituzten Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa liburua eta ikus-entzunezkoa.

Isilpeko lanari aitortza

Ibaibarriagaren azalpenak jaso ditugu Antxeta Irratian, eta lana egitearen xede zehatza zein izan den argi erran digu: «Guk hasieratik argi eduki genuen ez genuela irakurketa politikorik egin nahi. Hori jada politikariek aipatzen dute egindako elkarrizketetan, zer atera zen Txillarreko batzarretatik. Guk jaso nahi genuen nola baserritar batek (Pello Rubiok) erabakitzen duen horrelako lanketa batean edo konpromiso batean sartzea» dio.

Pello Rubio zumaiarra da sortzez, eta lanarengatik lekualdatu zen Elgoibarrera. Bertan ezagutu zuen Arnaldo Otegi, eta harremana egin zuten. Lanaren bueltan, Paco Ejea ezagutu zuen, eta hala, momentu batean otu zitzaion bi mundu ezberdinetako jende hori elkartzea: «Bere iniziatibaz izan zen, bi mundu horiek ezagutzen zituelako, eta iruditzen zitzaiolako herri honek behar zuela elkar ulertzeko saiakera bat, eta beste bide bat jorratzea», dio Ibaibarriagak.

San Martin arduratu da gehienbat liburuaz, eta Ibaibarriaga ikus-entzunezkoaz: «Edurne San Martinek lehenagotik bi liburu eginak zituen, eta Pellori ordu luzeko elkarrizketa egin ondotik berak bildu zuen liburuan testu hori. Nik ikusi nuen Pellok indar handia transmititzen zuela hizketan, eta pentsatu nuen ikus-entzunezkoa ezinbertzekoa zela. Gaur egun gainera, ongi funtzionatzen dute eta liburuak irakurri baino, irudiak irabazten du maiz. Aritz Arrizabalagak lagundu digu horretan».

Hurrengo aurkezpenak

Hauek dira Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa aurkezteko lotuak dituzten hurrengo datak:

  • Otsailak 5, Lesaka. Harriondoa Kultur Etxea. 18:30.
  • Otsailak 6, Altzo. Batzarremuino aretoa. 19:00.
  • Otsailak 10, Antzuola. Kultur Etxea, 19:00.
  • Otsailak 11, Portugalete. Santa Klara aretoa. 19:30.
  • Otsailak 13, Berriatua. Kultur Etxea. 18:30.
  • Otsailak 17, Hondarribia. Kultur Etxea. 19:00.
  • Otsailak 18, Ataun. Herriko Zineman. 19:00.
  • Otsailak 19, Elorrio. Ateneoan. 18:30.
  • Otsailak 20, Baiona. Biltxokon. 19:00.
  • Otsailak 25, Hernani. Biteri Kultur Etxea. 19:00.
  • Otsailak 26, Aretxabaleta. Zineman. 18:30.
  • Otsailak 27, Donostia (Egia). Teila Fabrikan. 18:30.