Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko aldiriko presidentetza aldaketa onartu dute, Irungo udaletxean egindako Batzar Nagusian. Mugaz gaindiko lankidetzarako erakundea Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek osatzen dute, eta oraingoan errelebo instituzionala irudikatu dute. Izan ere, Irungo Udaletik Hendaiako Udalera igaro da presidentetza Partzuergoaren Estatutuetan ezarritako urteko txandaketa-sistemaren arabera.
Horrela, Hendaiako auzapeza Kotte Ecenarrok, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren presidentea izango da orain, Irungo alkatea Cristina Laborda Albolea presidente ordea, eta bigarren presidente ordea Hondarribiko alkatea Igor Enparan Araneta. Errelebo instituzional horrek hiru udalerrien arteko oreka eta erantzukidetasuna indartzen dituela, eta lankidetzan, adostasunean eta lurraldearen ikuspegi partekatuan oinarritutako gobernantza eredua sendotzen duela nabarmendu dute.
Saio berean 2026ko ekitaldirako Partzuergoaren Aurrekontu Orokorrak onartu dituzte, eta barne antolaketarekin, kudeaketa ekonomikoarekin, laguntza eta dirulaguntzen esleipenak, kultura eta hizkuntza-proiektuen sustapenarekin lotutako gaiak izan dituzte hizpide.
Gazteentzako arte digitaleko lehiaketa
Bestalde, Mugaz Gaindiko Arte Digitaleko Gazteen 2025eko Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin dute. Eskualdeko leku esanguratsuak eta paisaia bereziak irudikatzeko lehiaketa honen aurtengo irabazlea June Martin Sanchez izan da, “Ardea, maxima regina aquarium” lanarekin. Eta Bidasoa Bizirik erakundeak 500 euroko saria eman dio.
