Topoa asteazken honetan itzuliko da bere zentzu onera

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 10a

Zirkulazioaren norantza eta erabiltzaileen nasa aldaketa urtarrilaren 28an indarrean sartzeko asmoa iragarri zuen Euskal Trenbide Sareak (ETS), baina arrazoi operatiboengatik atzeratu zuten. Azkenean bihar, otsailak 11rekin egingo dute Topoaren nasa aldaketa. 1983az geroztik Hendaia-Amara arteko zerbitzua gainerako Euskotren zerbitzuen kontrako noranzkoan ibiltzen da. Baina Donostiako lur azpiko hiru geltoki berriak martxan jartzen diren unean zerbitzu guztiek bat egin dezaten, Hendaia-Pasaia artean erabiltzaileek ohiko nasaren kontrakotik sartu beharko dute trenera hemendik aurrera. 

 

Hendaia eta Pasaia arteko Euskotreneko zerbitzuak aldaketa nabarmena jasango du aurki. Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak atzo aditzera eman zuten, urtarrilaren 28tik aurrera Topoaren zirkulazioaren noranzkoa gainerako trenbideetara egokitzeko helburuarekin, trenek ezkerreko bidea erabiltzen hasiko direla. Izan ere, gaur egun eskuinetik doa berezko martxaren kontrakoan. Ondoren argitu zuten, arrazoi operatiboengatik, aldaketa atzeratu egiten zutela.

Hala ere, erabakia hartua dago. Eta asteazken honetan, otsailak 11, Hendaia eta Errenteria arteko ibilbidean egingo dute lehenik aldaketa. Eta ostegunean, otsailak 12, Galtzaraborda eta Pasaiaraino luzatuko dute egokitzapena. Horren ondorioz, Topoaren erabiltzaileek gaur egun ohikoa duten joan-etorrietan erabiltzen duten nasaren kontrakotik sartu beharko dute trenera. ETSk iragarri duenez, 2026an zehar, aldaketa pixkanaka iritsiko da gainerako geltokietara ere, Amararaino, Donostiako lur azpiko hiru geltoki berriak martxan jartzen diren unean.

Topoaren zati honek, batez bestean, 47.500 bidaiari hartzen ditu lanegunetan. Euskotrenek argitu duenez, segurtasuna bermatzeko eta erabiltzaileak egokitzen laguntzeko, ETSk geltokietako arreta indartuko du, seinaleztapen espezifikoa instalatuko dute eta megafonia bidez abisuak emango dituzte zerbitzu osoan zehar aldaketa gogorarazteko. Halaber, trenek aldaketa teknikoak eta software espezifiko bat izango dituzte gidariei laguntzeko.

Argitu dutenez, nasaren aldaketa hori beharrezkoa da etorkizunean Hendaia-Zarautz tren-lotura egin ahal izateko, Donostiako trenbide-pasantea inauguratu ondoren. Izan ere, gaur egun, Frantziako mugaren eta Gipuzkoako hiriburuaren (Topoa) arteko trenak eskuinetik doaz, eta Euskotrenen gainerako sarean, Donostiatik Bilboraino, ezkerretik ibiltzen dira. Orain arte, Amara izan da noranzko aldaketa hori egiteko gunea, hain justu, lineak hasi eta amaitzen diren puntua baita. Baina pasantea hurrengo hilabeteetan martxan jartzen denean, ez da halakorik izango. Hortaz, tren guztiek noranzko berean zirkulatu beharko dute, martxaren noranzkoaren ezkerretara.

Aldaketa horrek bidaia-fluxua optimizatuko du, konexio-denbora murriztuko du eta erabiltzaileen esperientzia hobetuko duela nabarmendu dute. 

Topoaren noranzkoen salbuespena

Ezkerretik zirkulatzen da, adibidez, Frantzian, Espainian, Suitzan, Belgikan eta Italian. Aldiz, Holandan, Estatu Batuetan edo Alemanian eskuinetik doaz trenak. Euskotrenen eta ETSren 200 kilometroko euskal trenbide-sarean, orain arte, ezkerretik zirkulatzen duten lineak egon dira, hala nola Bilbo eta Donostia lotzen dituena (E1), baita eskuinetik zirkulatzen duten beste batzuk ere, zehazki, Topoa (E2 Amara-Hendaia). Jatorriz, sare osoa ezkerretik zihoan, baita Bilbo eta Donostia artean ere, baina 1983an Euskadik jasandako uholde larriek seinaleztapen-sistema osoa suntsitu zuten Bizkaiko hiriburuaren eta Lemoako geltokiaren artean dagoen trenbide bikoitzeko zatian. Euskotrenek egoera hori baliatu zuen zati horretako ezkerreko zirkulazioaren noranzkoa aldatzeko.

Etorkizuneko metroarekin konektatzeko asmoari erantzun zion erabakiak, baita tren-gidariek nasen gainean duten ikusteko ahalmena hobetzeko helburuari ere. Izan ere, une hartan eskuragarri zegoen material mugikor guztiek ezkerraldean baitzuten gidatzeko postua.