Espainiako Poliziak Bidasoaldeko anfetamina eta metanfetamina trafikatzaile handienetakoa atxilotu du. Hendaian bizi eta Bidasoaren bi aldeetan trafikatzen zuen espainiar nazionalitateko gizona. Polizia iturriek argitu dutenez, zenbait garaje eta ezkutalekutan gordetzen zuen droga, ondoren txikizka saltzeko, eta Urruñan, Hendaian eta Irunen banatzen zuen. Irungo Polizia Nazionala eta Aduana eta Fiskalitate Brigadak burututako urtebeteko ikerketari esker atxilotu dute droga trafikatzailea, eta 'Correcaminos' izeneko operazioan zehar gutxienez beste lau pertsona atxilotu dituzte.
Aurrenekoa joan den maiatzean Irungo Artia auzoan bizi zen droga saltzaile bat izan zen. Haren etxean 16.000 euro, kilo bat anfetamina eta hainbat arma zuri atzeman zituzten, eta beste zenbait saltzaile ere atxilotu zituzten. Hari horretatik tiratu zuen Irungo komisariako Polizia Judizialak, eta joan den abenduaren 17an arrastatu zuten aurretik atxilotutakoak hornitzen zituen trafikatzailea. Baita Dunboa auzo inguruetan zebilen txikizkako beste saltzaile bat ere.
Erregistroan Bilboko Jefaturako Poliziaren Txakur Unitateak eta Irungo Udaltzaingoak parte hartu zuten, eta Irungo bi garaje eta etxebizitza batean 25 kilo anfetamina eta metanfetamina atzeman zituzten. Operatibo berean 3 kilo haxixa, droga paketeak prestatzeko eta pisatzeko materiala, telefono mugikor bat eta droga garraiatzeko erabiltzen zuen autoa ere atzeman zuten. Poliziaren arabera, anfetamina eta metanfetamina hori merkatu beltzean milioi euro bat balioko luke kalera iritsi izan balitz.