2.450 lasterkarik hartuko dute parte Bidasoako Maratoi Erdiaren hirugarren edizioan

Paola Oskoz 2026ko otsailaren 11

Inoizko partehartzerik handiena izanen du Bidasoa Atletiko Taldeak antolatu duen Bidasoako Maratoi Erdiak. Otsailaren 22an ospatuko da proba eta 2025eko abenduan agortu ziren eskuragarri jarritako dortsal guztiak. 2.450 korrikalarik hartuko dute parte hirugarren edizio honetan eta klubetik jakinarazi dutenez, %100ean handitu dute kopuru hau. Izaera solidarioa ere izanen du lasterketak eta dortsalekin bildutako diruaren zati bat Tadamum elkartera bideratuko dute. 

Inoizko partehartzaile kopururik handiena izanen du aurtengo Bidasoako Maratoi Erdiak. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatzen duen proba honetan parte hartzeko aukera 2025eko abenduan bukatu zen eta geroztik, bi aldiz jarri dituzte dortsal gehiago eskuragarri. Azkenean, 2.450 korrikalarik hartuko dute parte 2026eko otsailaren 22an ospatuko den proban, 1.750 maratoi erdian eta 700 10K lasterketan. Pasa den urteko marka %100ean handitu da eta emakumeen artean ere partehartzeak nabarmen egin du gora. Gainera, izaera solidarioa izanen du bertze behin ekitaldi honetan eta dortsalekin lortutako zati bat, 2.500 euro, Tadamum elkartera bideratuko da. 

Hainbat berrikuntza izanen ditu aurtengo Bidasoako Maratoi Erdiak. Lehenik eta behin dagoeneko homologatua zegoen zirkuitua, berriz ere homologatu dutela, ibilbidean zenbait aldaketa egin ondotik. Bigarren nobedadea, eskuragarri zeuden dortsalak 2025eko abenduan agortu zirela da. Geroztik, bitan handitu dute hasierako kopuru hori eta horiek ere agortu dira. Azkenean, BATek 2.450 kopuruan jarri du partehartzaileen muga, Ibon Muñoz elkarteko gerenteak erran duenez, “lasterketa finkatu” nahi dutelako eta “lasterkariak eta antolatzaileka ere pozik gelditzeko egindakoarekin”. Ondotik, probaren “indargune eta ahultasunak ikusiko” dituzte eta egora baloratuko dute heldu den urteari begira. Bitartean, %100ean handitu dute partehartzaileen zifra. 2.450 izanen dira guztira otsailaren 22an lasterka ibiliko direnak Bidasoaldean. Horietatik 1.750ek maratoi erdia eginen dute eta bertze 700ek 10K-ko lasterketa. Muñozek emakumeen partehartzea nabarmendu du bereziki, “21 eta 35 urteen artean, %35 direlako emakumeak”, gehienak 10K proban. 

Lasterkari hauetatik gehienak Gipuzkoatik kanpo etorritakoak izanen dira beraz, BATeko gerenteak azpimarratu du, “hotelak bete” egin direla asteburu horretarako eta beraz, Bidasoaldera turismoa egitera datorren jendea ere hurbilduko dela kirol proba honen aitzakipean. Gauza bera goraipatu dute Irun ta Hondarribiako kirol zinegotziek, Borja Olazabal eta Lupe Queirugak, baita Gipuzkoako Foru Aldunduko Turismo diputatua den Azahara Dominguezek ere. 

Proba otsailaren 22ko 9:45ean hasiko da, 10K lasterketan parte hartuko duten korrikalarien abiadarekin. Ondotik, 10:00etan hasiko da Maratoi Erdia. Dortsalak aurreko egunetan banatuko dituzte, ortzegun eta ortziral goizean, baita ortzirale arratsaldean ere Deportes Gonzalez denda. Larunbatean Zabalza Plazan banatuko dira, eta korrikalariaren besta handi bat ospatzeko aprobetxatuko dute momentua, Muñozek adierazi bezala. Dortsalekin batera, Deportes Gonzalezen xahutzeko bonoak, sudurreko loturak eta Telparkeko deskontuak banatuko dituzte. Probaren ondotik, korrikalari bakoitzak lasterkariaren poltsa ere hartuko du edari, janari eta Gipuzkoako Diputazioak eskualdeko turismorako prestatutako eskuorriekin. Lasterketan anoa guneak ere egonen dira ohiko lekuetan eta bukaeran ere, partehartzaileentzat salda, errekuperaziorako gelak eta pizzas banatuko dituzte, Aneto, Scientific Nutrition eta Telepizzak babestuta. 

Probaren bukaeran ere, berrikuntza gisa, 20 fisioterapeutek euren zerbitzua eskainiko diete doan nahi duten partehartzaileei. 

Sariei dagokionez, urtero bezala, lehen bortz emakume eta gizonek jasoko dute sari ekonomika, trofeoa, Deportes Gonzalezen xahutzeko bona eta Gipuzkoa Turismo arloak emandako loteak. 10K lasterketan ere sari berdintsuak banatuko dira eta aurten, Smartec enpresaren laguntzaz, enpresen taldekako sailkapena ere izanen da, emakume, gizonez edo talde mistoek osatutakoei emanen zaina. Lasterketaren errekorra gainditzen duenak ere 300€ sari berezia jasoko du. Emakumeen artean, Elena Loyok du marka (1:16) eta gizonetan, Raphael Olekeik (1:05), pasa den urtean lortutakoa. 

Garaipena lortzeko lasterkariek gogor borrokatu beharko dute aurtengoan, maila handiko korrikalariek hartuko baitute parte Maratoi Erdian. Ibon Muñozek zenbait izen aipatu ditu: Kathy Tisalema, Elena Loyo, Maitane Melero, Ana Llorens, Dolores Marco, Maite Arraiza, Raphael Oleike, Iraitz Arrospide, Alex Gonzalez, Andoni Acevedo edota Unai Arroyo. Hauek guztiak eta gehiago izanen dira otsailaren 22an Irun eta Hondarribiako karriketatik lasterka, dagoeneko errotu den Bidasoako Maratoi Erdiaren hirugarren edizioan.

Izaera solidarioa duen proba

BATek antolatzen dituen bertze probek izaten duten bezala, Bidasoako Maratoi Erdiak ere izaera solidarioa izanen du. Dortsalekin lortutako diruaren zati bat eskualdeko Tadamum elkartera bideratuko du klubak, zehazki 2.500 euro. Kopuru hori pozik hartuko dute Tadamum-en, bertako kide den Miren Olaskoagak azpimarratu duen moduan: “Gauza anitz egin ditzakegu diru horrekin eta oso lagungarria egingo zaizkigu”. Gainera, BATi eskerrak eman nahi izan dizkio Olaskoagak, euren eguneroko lanari “ikusgarritasuna” emateagatik. 2003tik ari dira lanean, herri saharauia laguntzeko helburuarekin eta zenbait proiektu ere martxan dituzte, tartean egin berri den janari bilketa arrakastatsua, edota udan haur saharauiak ekartzen dituen Oporrak Bakean programa.