Iker Karrera: «Obra egokitu dugu Amaian taularatzeko, baina ikuslea hain hurbil egotea gustuko dut, dantzarien ahalegina sentitzen delako»

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 16a

Dantzari eta koreografo hondarribiarrak Godot Saria eskuratu berri duen 'The Room Where It Happens' ikusgarria aurkeztuko du Irungo Amaia KZn, otsailaren 21ean, 20:00etan. Madrilen Mamma Mia, The Book Of Mormon eta Wicked musikal handiekin arrakasta lortu ondoren, eta Italian edota New Yorken bere hurrengo klase magistralak eman aurretik, Irunen geldialdia egingo du Iker Karrerak bere konpainiarekin sortutako azken pieza aurkezteko. Inoiz egindako obrarik handiena duela aitortu digu, «musika originala eta atmosfera berezia sortzeko argi eta irudiekin bisualki oso indartsua».

Joan den apirilean aurreikusia zuen estreinaldia dantzari baten lesioaren ondorioz atzeratu behar izan zuen Iker Karrera dantzari eta koreografo hondarribiarrak. Baina irailaren 27an Madrilgo Condeduque Kultura Zentroan aurkeztu zuenetik, 'The Room Where It Happens' ikusgarriak arrakasta bildu du. Eta otsailaren 21ean (20:00) Irungo Amaia Kultur Zentroan taularatuko du, hondarribiarrak duela hamarkada bete sortutako Danza 180º konpainiako beste bost dantzariez lagunduta.

Donostian Victoria Eugenian aurkeztu zuen urtarrilean, baina Irungo ekitaldirako ilusio handia duela aitortu digu. «Amaia antzokirako inplementazio txikiagoa prestatu dugu egokitzeko, baina publikoa oso hurbil dago eszenatokitik, eta asko gustatzen zait hori, dantzarien ahalegin fisikoa gertutik ikusten delako», azaldu digu Karrerak. Bere konpainiarekin orain arteko sorkuntzarik handiena du. Azaldu digunez, ordubeteko iraupena du, eta Alex Ayerrek sortutako musika originala du obrak. «Atmosfera hori sortzea berria izan da niretzat, eta argiak eta irudiek ere pisu handia dute piezan, bisualki oso potentea da», dio dantzari eta koreografo hondarribiarrak, dantza ikuskizunak gogoetarako ematen duela iragartzearekin batera, «azkarregi bizi garen mundu honetan, pausatzen garenean zer gertatzen den irudikatu eta hausnartzeko gonbidapena da obra hau».

Irunen ikusi ahal izango dugun lana saritua izan da dagoeneko. Dantza Garaikidearen Koreografia Onenaren saria irabazi baitu Godot Sarien 4. edizioan, eta horrek oihartzuna ez ezik, ateak zabaltzen dituela dio Karrerak. Irungo emanaldirako sarrerak dagoeneko erreserba daitezkeela iragarri du Irungo Udalak, 10,80€ eta 16,45€ artean.

Ibilbide oparoa: Hondarribitik mundura

Iker Karrera Madrilen bizi da, eta han harrapatu dugu entsegu eta proiektu berri batetarako lokalizazio baten bila ari dela. Han du bere konpainia eta dantza eskola. Eta unibertsitatera ikastera joan zenetik dantza garaikidearen munduan egin duen ibilbideak ez du etenik izan. «Hondarribian hasi nintzen dantzan oso gazte nintzela amaren akademian (Pilar Peña), asko gustatzen zitzaidan eta hobby handi bat zenez, ez zitzaidan jauzia ematea gehiegi kostatu», kontatu digu dantzariak, «hala ere, herrian dantzari mutil bakarrenetarikoa nintzen, eta erreferente gutxi zegoen garai haietan».

`The Room Where It Happens' ikusgarriak bost dantzari elkartzen ditu taulagainean.

Hala eta guztiz ere, azkar hasi zen herritik kanpora klaseak hartzen, eta prestatzen. «Formakuntza klabea da dantza munduan, honetaz bizi ahal izateko etengabea behar du eta irakasle egokiak bilatu behar dira, baina profesionala izan nahi duenak serioski hartu behar du», gomendatzen dio honetan hasi nahi duen orori. Bere kasuan, dantzaren irakaskuntzak pisu handia izan du ere. «Hondarribian hasi nintzen klaseak ematen 16 urte nituela, eta beti gustatu zait giro hori, jende berria ezagutzen duzulako, eta lan munduan ate berriak ireki dizkit beti», dio.

Alde horretatik, telebistan 'Fama. A bailar' saioan aritu zen 2018tik irakasle eta zuzendari gisa. Eta aukera handia izan zen beretzat. «Nire lehen proiektu handia izan zen, inoiz ez nuen hainbeste baliabiderekin lan egin, eta kamera aurreko presio horrekin, baina asko ikasteaz gain, oroitzapen politak ditut, ondo pasa nuen, eta esperientzia positiboa izan zen, ondoren lan gehiago egiteko tranpolina izan zen niretzat», azaldu digu Karrerak.

Gerora dantza irakasle lanetan ez da gelditu. Iker Karrerak dantza garaikidean eta jazz funk estiloetan Los Angeles, New York, London, Mexiko, Paris, Erroma, Napoli, Praga edo Bruselan lan egin du masterclass eta ikastaroak eskaintzen. Kontatu digunez, asko bidaiatu du beti eta «nekagarria izan daiteke, baina lagungarria eta bizigarria da». Orain, hain justu, Italiara doa berriz, eta aste santuan New Yorken klaseak emango dituela iragarri digu. 

Goi mailako sorkuntza propioak

Orain 40 urte dituela eta bere jaioterrian jazz eta hip-hopean hasi zenetik ibilbide luzea egin ondoren, dantzari, irakasle eta koreografo lanetan arrakasta bildu du nazioarte mailan. Ibilbide luzea eta oparoa egin du dantza garaikidearen munduan, txikitik handira urratsak eginez. Hasierako urteetan, #7fm pieza sortu eta Espainiako Estatu mailan eta nazioartean saritutako ikuskizuna izan zuen bere lehen koreografia garrantzitsua. Europako hiriburu nagusietan eta hainbat jaialditan aurkeztu zuen, hala nola, New Yorkeko Battery Dance Festibalean. «Ez da bilatu izan dudan zerbait, gauza batek bestea ekarri du, eta festibaletara aurkezten joan ginen piskanaka. Nire garapena oso gauza organikoa izan da egia esan», nabarmentzen du. 

Aldiz, antzerkigintzan bildu du beharbada sari eta oihartzun gehien koreografo gisa. Izan ere, azken urteetan Madrilgo antzokietan arrakasta gehien lortu duten hiru musikalen koreografiaren sortzailea da bera. Kontatu digunez, 2022an Mamma Mia musikala koreografiatu zuen Abba taldearen abesti ezagunenak berreskuratuz Madrilgo antzokietan, (Teatro Musical Saria eskuratu zuen koreografia onena gisa), eta 2023an The Book Of Mormon obran ere koreografia onenaren Broadway World Spain saria eskuratu zuen. 2025ekoa du bere azken musikala, Nuevo Teatro Alcala (Madril) antzokian urriaz geroztik taularatzen ari diren Broadwayko fenomeno musikalaren egokitzapena, Wicked musikala. Ozeko Aztiaren istorioaren aparteko bertsioa da honakoa, Gregory Maguirek idatziriko Wicked: The Life and Times of the Wicked Witch of the West liburuan eta Stephen Schwartzek sortutako partituran oinarrituta.

Baina Iker Karreraren ibilbidea ez da horretara mugatzen. Zinemagintzan film luzeetan ere parte hartu du koreografo lanetan, No pleasure eta Table for one filmetan. Eta publizitate mundua ere ez zaio arrotza egiten, Bvlgari, Benetton, McDonalds eta Cupra bezalako marka handien iragarkietan lan egin baitu, besteak beste.

Otsailaren 21ean, berriz, Bidasoaldera, etxera bisita egingo du bere azken lana Amaia Kultur Zentroan taularatzeko. 'The Room Where It Happens' ikusgarria ikusteko parada ezin hobea dugu, eta dantza garaikidea ulertu edo ezagutu ala ez, «pantailara begira bizi garen garaiotan, teknologia ordubetez bazterrean utzi eta benetako ikusgarri bat bertatik bertara, aurrez aurre ikusteko aukera polita da», dio Karrerak, bidasotar orori hurbiltzeko gonbidapena luzatuz.