Txingudiko Zerbitzuetako 30 bat langilek astebete egin dute greba mugagabera jo zutenetik, eta ez dute etsiko. Hala aditzera eman du gaur Alaitz Egiazabal, greba batzordeko langileen ordezkariak Hondarribiko udaletxearen aurrean egin duten elkarretaratzean. «Hondarribia mankomunitatearen %20a suposatzen duela diote beti, eta mobilizazioen %20 bertan egitea erabaki dugu», argitu du.
Astelehenean zuzendaritzak eskatu zien Lanpostuen Balorazioa (LPB/VPT) txostena aurkeztu zuten, 10 egunetan egina. Eta haien lan baldintzak Irungo Udaleko langileek dutenekin parekatzeko eskaera berretsi dute. Izan ere, EUDEL eta ELA, CC.OO. eta UGT sindikatuekin EAEko tokiko erakunde publikoetarako Udalhitz akordio sektorialak ahalbidetzen du hori. Gainera orain arte salatu duten langileen %16ko erosahalmen galera uste baino handiagoa dela ondorioztatu dute, berez, %20 galdu dutela dio Egiazabalek.
Gaur Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkatea hurbildu zaie elkarretaratzera. Txingudiko Zerbitzuen Administrazio Kontseilua Irungo eta Hondarribiko udal ordezkariek osatzen duten heinean, ongi dakizki lan gatazkaren nondik norakoak. Baina langileen eskutik jaso du greba mugagabearekin jarraitzeko borondatearen berri, eta zuzendaritzarekin ostiralean (otsailak 20) hasiko duten negoziazioan marra gorriak non jarri dituzten. «Zuzendaritzak ez du ondo jokatu, eta martxotik gatazka luzatzeak enkistatzea eragin duenez, iritsi garen puntura, langile asko gaude prest greba muturreraino eramateko», adierazi du ELAko ordezkariak.

Dena dela, otsailaren 5ean ekainaz geroztik zuzendaritzarekin egindako aurreneko bileran adostu zuten gaikako negoziaziorako egutegia beteko dute. Udal agintariak interpelatu dituzte negoziaketa azkartzeko presio eman dezaten, baina «agintariak nahiko galduak daudela dirudi» grebalarien ustez, «ez daude ondo kokatuak, zuzendaritzari negoziatzea eskatzearekin aski dute, eta dagoen planteamendua ongi ikusten omen dute».
Hala aurki urtebete egingo dute 2024ko abenduaren 31n iraungitako lan hitzarmena negoziatzeko eskaera luzatu zutela, eta 30 greba eta lanuzte egun ondotik, otsailaren 11n greba mugagabera jo badute ere, ez dute aurrerapausorik lortu. «Zuzendaritzak ez digu oraindik inolako proposamen zehatzik egin, bilera datak eta temarioa besterik ez», dio Egiazabalek, «gogoan hartuta gainera, bilera bakoitzean eztabaidatuko ditugun gaiak adostu gabe hurrengora pasa gaitezkeela». Alde horretatik, argi dute ia urtebete eta gero, ez dutela greba mugimendua «hitz egiteko geratu» direlako bertan behera utziko.