futbol 00 mugimendua

Gorka Etxeberria: «Kirolean, futbolean batik bat, indarkeria gehiegi ikusten ari gara azken boladan, eta kontzientziazioa ez da aski»

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 20a

Otsailaren 23an (19:00etan) Irungo Palmera Montero gunean FUTBOL 00 egitasmoa aurkeztuko dute. Proiektuaren eramaileek gizarte mugimendu bat sortu nahi dute, «behetik gora eta beste pedagogia batean oinarrituta, kirol formatiboan jarrera etikoak ezartzeko». Entrenatzaile, guraso eta kirolariekin "Bat Egin, Trebatu, Ekin" metodologia aplikatuz, lehiakortasun toxikoa baztertu nahi dute. Errespetua, elkartasuna eta heziketa emozionala aintzat hartzen badu, futbola bizitzarako tresna baliagarria izan daitekeela sinetsita daude. Bidasoaldean, mementoz, CD San Marcial eta Hondarribia FEk batu dira. 

Heldu den astelehenean Futbol00 proiektua aurkeztuko dute Irungo Palmera Montero guneko 2. aretoan (19:00etan). Bilera irekia antolatu dute haien asmoak gizarteratzeko, baina proiektua baino gizartea eta futbol eskola edo formatiboen errealitatea eraldatu nahi duen gizarte mugimendu bat dela azaldu dute eramaileek. Gorka Etxeberria egitasmoaren partaideak dioenez, «beharrezko zerbait dela ulertzen dugu, kirolean baina futbolaren munduan batik bat, indarkeria gehiegi ikusten ari gara azken boladan, eta borondate onez kontzientziazioa ez da aski». Hortaz, orain arte egiten den lanaz harago joateko asmoarekin ari dira lanean, «gizarte mugimendu bat sortu, behetik gora denak elkartu eta beste pedagogia batean oinarrituta, jarrera egokiagoak ezartzeko».

Baloreetan hezitako kirolari eta pertsonak

Gure eskualdean, Irungo C.D. San Marcial eta Hondarribiko Futbol Elkarteak izan dira lehenak egitasmora batzen. Baina urrats bat egiteko prest diren kirol klub guztiak, eta interesa duten norbanakoei ere luzatzen diete mugimenduarekin bat egiteko deia. Etxeberriak argi du oinarrizko futbol edo futbol formatiboaren muinera jo, eta «gaur egungo jarrera biolentoak eta lehiakortasun toxikoa baztertu». Hala ere, kirolean lehiakortasuna beharrezkoa da bere ustetan. «Zer asmakizun maltzurra da lehiakortasun eza?», galdetzen du, «pilotari batek, adibidez 22. puntua egingo dizu arnasa hartzen utzi gabe, baina lege onez eta etika batekin, eta hori galtzen ari da». Alde horretatik, lehiakortasun osasuntsua edo ondo ulertua, bizitzarako tresna gisa baliatzen ikastea da haien proposamenaren hiru ardatzetako bat. 

Bestalde, futbolak duen talde izaeran oinarrituta, galtzen ari diren elkarlanaren baloreak berreskuratu nahi dituzte. «Txikien arteko harremanak dira garrantzitsuenak, gero eta indibidualistagoak izatera bultzatzen gaitu gizarteak, eta norberak jokatzen ez badu hor amaitu da dena, baina futbolean taldeak irabazten duela ikasi behar dute», azaltzen du Futbol00 mugimenduko kideak. 

Azkenik, kirolaren ingurumarian dauden senideen figura ere aintzat hartu nahi dute. Gaur egun, tamalez, seme-alabak ikustera doazen gurasoen jarrerak desegokiak ohikoak bilakatu baitira. Eta horrekin amaitzeaz gain, «gurasoen akonpainamendua edo babesa eduki beharrean, sistema horren baitan seme-alabei presioa besterik ez diete eragiten», kexu da Gorka Etxeberria. Hartara, dinamika ezkorrak baztertu eta kirol klubetan dauden entrenatzaile eta pertsonekin metodologia zehatz bat garatu nahi dute, baita kirolari, familia eta zaletuei «kiroltasuna, errespetua, eta emozioen garrantzia» azpimarratu, eta kirola heziketarako tresna izan daitekeela uler dezaten.

Izan ere, futbol profesionalak sorrarazi dituen espektatibak eta ametsek bultzatuta, txikitatik futbolak sustatu beharko lituzkeen baloreak galarazi dituelakoan dago Etxeberria. «Horrek ez du esanahi, profesionala izateko ametsa duenari, hori ukatuko diogunik», argitu du, «noski lagunduko diogula bere ametsa betetzen, baina Reala, Bilboko Athletic edo Euskal Selekziora iritsi balitz ere, edo bidean futbola utziko duenean ere, oinarri etiko sendoak dauzkan kirolariak nahi ditugu, pertsona zintzoak, gizarte hobeago batekin denok aterako baikara irabazten».

Metodologia eta formakuntza

Esan bezala, mementoz, Bidasoaldean erreferentziazko bi futbol klubekin hitzarmena sinatu dute, Irunen 250 haur ingururekin lan egiten duen C.D. San Marcial, eta Hondarribiko Futbol Elkartearekin. Haiekin hasiko dira 3 pausutan oinarritutako lan metodologia: "Bat Egin, Trebatu, Ekin". Gorka Etxeberriak azaldu duenez, proiektua gizarteratu eta «ahal bezainbeste jende bat egin dezan» aurreneko urratsa eman dute.

Ondoren, mugimendura batuko diren guztiei formakuntzak eskainiko dizkiete maila ezberdinetan. Eta azkenik, ekin beharko dute, ikasitakoa klubetan aplikatuz. «Entrenatzaileek eta gurasoek euren ohiko jarduna jarraituko dute, eta gurea etengabeko zerbitzua izango denez, jarraipen bat izango dute», nabarmendu du Etxeberriak. 

Proiektua aurkezteko bilera informatiboa antolatzeaz gain, www.futbol00.com atarian haien filosofia eta metodologiaz informatzeko, eta mugimenduarekin bat egiteko gonbidapena luzatu dute. Eta otsailaren 23an (19:00etan) Irungo Palmera Montero guneko 2. aretoan ate zabalik emango dute informazio guztia.