BidaSOS 2030 estrategia Irun eta Hondarribiko kaleetara itzuli da. Joan den otsailaren 27an Irungo Anaka-Puiana auzoan hasi dute kanpaina, eta ekainaren erdialdera arte eskualdeko hainbat auzotan ariko dira materia organikoa bereizteko sentsibilizazio kanpaina. Gainerako hondakinen birziklatzeko beharra gogoratzearekin batera, kanpaina honen helburu nagusia edukiontzi marroiaren bidez materia organikoaren gaikako bilketan parte hartzea emendatzea baita.
Bulegoa astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbatero 9:00etatik 14:00etara. Joan den udazkenean, 2025eko kanpaina Irungo San Miguel eta Antzaran auzoetan egindakoarekin amaitu zuten. Eta aurtengo kanpaina Anaka-Puianan hasiko bada, bulego ibiltaria martxoaren 31ra arte egongo da Pedro de Aristegui Enbaxadore plazan. Ondoren, Irungo Lapitze eta Belaskoeneara lekuz aldatuko dute (Elatzeta kaleko 3. zenbakian), apirilaren 7tik maiatzaren 25era. Azkenik, maiatzaren 27tik ekainaren 15era, Muliateko Kandido Saseta plazan kokatuko dute, Hondarribian, Zimi-zarga eta Puntaleko bizilagunei zuzendutako kanpaina egiteko.
Txingudiko Zerbitzuek aditzera eman dutenez, aurreikuspenen arabera, ekainean fase honen amaieran edukiontzi marroian alta emandako hiri-ongarrien %70 gaindituko da. Izan ere, azken urteetan, urrats garrantzitsuak egin direla nabarmentzen dute. Programa hasi aurretik, abonatuen %50 eta %55 artean zeuden alta emanda materia organikoa biltzeko zerbitzuan. Eta esku hartutako eremuetan, parte-hartzea handitu egin da.
Kanpaina eraginkorra
Bizpahiru urte hauetan sentsibilizazio kanpaina aurrera eraman duten Irungo eta Hondarribiko auzoetan, batez bestean %67ra emendatu da hondakin organikoan alta emandako erabiltzaile kopurua. Gaur egun 36.000 etxebizitza abonatu daude eskualdean, eta horietatik 2023 urtean 17.600 bat ziren organikoa bereizten zutenak. Gaur egun 21.000 dira kontainer marroia erabiltzeak Txinzerreko hondakinen tarifan dakarren hobaria aprobetxatzen duten etxebizitza aktiboak.
Hala ere, Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrek aitortu du «oraindik asko dagoela hobetzeko, eta partaidetza handitzeko eta erabiltzaileek erabilera efektiboa egiteko lanean jarraitu beharra dago». Alde horretatik, orain artean, eskualdeko 36.000 abonatu partikularren %64 organikoa bereizteko konpromisoa hartu badu ere, horietatik egiatan %80ak altxa ohi du kontainer marroiaren tapa bere poltsa jaurtitzeko.
Horrekin guztiarekin, kanpaina honi esker, birziklatze-tasa urtero %1-%1,5 igotzea lortu dute, eta 2030 urterako Europak agintzen duen gutxieneko %60ko tasaren erronka hurbil du Irun-Hondarribiak. «Une honetan %58an gaude, legea betetzetik bi puntura besterik ez, baina Eusko Jaurlaritzaren irizpideak jarraituz hemen asmo handiagoak ditugu, eta %70era heltzeko erronka onartu dugu», adierazi du Txinzerreko kudeatzaileak.