Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatzen dituen Mugaldeko Udaleku ibiltariak uztailaren 13tik 19ra izanen dira aurten. Oraingo honetan, Arantza-Oiartzun-Urruña-Sara ibilbidea eginen dute, eta 2011-2012 urteetan jaio eta euskaraz dakiten gaztetxoek har dezakete parte. Izan ere, euskarak lotzen dituen herrien ezagutza bultzatu eta muga administratiboak gainditzeko helburua dute udaleku hauek, euskara praktikatuz eta eskualde ezberdinetako euskalkiak ezagutuz. Horretarako, Euskal Herriko natura, kultura eta kirola ardatz hartuta, ibilbidean zehar hainbat txoko bisitatzeko parada izanen dute parte-hartzaileek.
Udalekua Arantzan hasiko da, uztailaren 13an, goizeko 10:00etan. Eta egunez egun Sara arteko ibilbidea osatuko dute, Oiartzundik eta gero Urruñatik igarota, herriz herri jarduera ezberdinak eginez. Uztailaren 19ko eguerdian bukatuko da udalekua, Saran.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, toki kopurua mugatua da. Gehienez ere 40 lagunek parte hartu ahalko dute, eta gutxienez 15 laguneko taldea osatu beharko dute udalekua aitzinera atera dadin. Izena emateko martxoaren 1n ireki zuten, eta hilaren 31ra bitartean izena eman daiteke Internet bidez hemen sakatuz. Lehentasuna Bortzirietan, Oiartzunen, Saran edota Urruñan erroldatuta daudenek izanen dutela argitu dute.
Udalekuaren prezioa 175 eurokoa da. Eta izena eman ondoren, familiek apirilean jakinen dute izen ematea onartua izan ote den. Antolatzaileak haiekin harremanetan jarriko dira ordainketa bideratzeko eta behar den dokumentazioa eskatzeko.