Hilanderaseko trantsituko migratzaileen aterpetxea zabalik mantentzeko konpromisoa adierazi du Gobernuak

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 5a

2018tik 40.000 pertsona baino gehiago artatu dituzte Arretxegainan Gurutze Gorriak kudeatzen duen errekurtsoan, horietatik %95 Europako beste herrialdeetara trantsituan zihoazen migratzaileak. Azken urtebetean fluxu migratorioa moteldu dela ikusita, EAJ-PNV zerbitzuaren geroaz interesatu da Madrilgo Senatuko arloko komisioan. «Zerbitzua itxi, lekuz aldatu ala murrizteko asmoa ote dagoen» galdetuta, Espainiako Gobernuak bere horretan mantentzeko «konpromisoa» adierazi du.

Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migraziorako Ministrak, Elma Saizek, Irungo Hilanderas kaleko (Arretxegaina) trantsituko migratzaileen aterpetxea zabalik mantentzeko «konpromisoa» adierazi du. Espainiako Gobernuko ordezkari sozialistak arduraz jokatuko dutela aditzera eman du, martxoaren 2an, astelehenean, Senatuan Nerea Ahedo Cezak (EAJ-PNV) egindako galderari erantzunez. Irungo harrera zentroak azken urtebetean izan duen erabiltzaileen apaltzea kontuan hartuta, jeltzaleak «zerbitzua itxi, lekuz aldatu ala murrizteko asmoa ote dagoen» galdetu zuen. Eta Bidasoaldea 2018az geroztik penintsulako ipar muga gisa sendotu dela oroitarazi zuen Senatuan. 

Izan ere, azken sei urteetan Gurutze Gorriak kudeatzen duen Hilanderaseko errekurtsoak 40.000 pertsona baino gehiago artatu ditu, horietatik %95 Europako beste herrialde batzuetarako trantsituan ziren migratzaileak izanik. 

Ahedoren arabera, «mugako pasabide hau migrazioaren puntu beroa da, eta prebentzioa, babesa eta laguntza humanitarioa ezinbestekoa da». Alde horretatik, EAJ-PNVko ordezkariak ontzat eman ditu ministraren azalpenak, eta honek adierazi duen zerbitzua mantentzeko borondatea. 

Fluxu migratorioaren moteltzea

2018an trantsituko migratzaileen fenomenoari erantzuteko Irungo Harrera Sarea mobilizatzen hasi zenetik hainbat hilabete iragan behar izan ziren erakunde publikoek errekurtsoak martxan jarri arte. Hasiera batean boluntarioen sareak Irungo Lakaxita gaztetxean eman zien aterpe migratzaileei, eta Eusko Jaurlaritzak Arretxegainan aurreneko zerbitzua abian jarri aurretik, 2018ko udan behin-behineko harrera guneak atondu zituzten, Irungo Martindozenean edota Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan.

Hilanderaseko errekurtsoan finkatu zuten geroago, Gurutze Gorriak kudeatuta. Eta orain artean 40.000 lagun baino gehiagori zerbitzu eman ondoren, azken urtebetean erabiltzaileen kopuruak nabarmen egin du behera. Irungo Harrera Sareak ere, gauetan kalean, zein egunez San Juan plazako harrera permanentzian ere, migratzaile gutxiagori egin zion harrera 2025ean. 

Izan ere, lehen urteetan, batez bestean 6.000 migratzaile inguru lagundu izan zituzten bitartean, 2024an jada apaltze bat eman zela ohartarazi zuen boluntarioen sareak. Zehazki, 3.623 migratzaile pasa ziren (268 emakume eta 45 haur) Irungo San Juan plazatik. Eta Gautxoriko arretan 1.995 pertsona lagundu zituzten Gurutze Gorriko aterpetxera. 2025ean, berriz, guztira 1.688 migratzaile jaso zituen Irungo Harrera Sareak, horietatik 126 emakume eta 30 adin txikiko. Eta gehienak (1.262) joan den ekaina bitartean. 

Ondoren, urteko bigarren sei hilekoan  fluxu migratorioa moteltzen joan da. Eta 2026 urtearen hasieran, harrera sareen jarduera inoizko minimoetan aurkitzen da. 2025 bukaeran; urrian (29), azaroan (33) eta abenduan (19) migratzaile gutxi iritsi ziren bitartean, 2026 honetan, urtarrilean 36 eta otsailean 16 lagun besterik ez dituzte artatu. Eta aurtengo 52 horietatik 38 bideratu dituzte Gurutze Gorriak kudeatzen duen errekurtsora.