Eskualdeko lehen Nesken Errugbi Eguna ospatuko dute larunbatean Hendaian

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 11

Stade Hendayais eta Txingudi Rugby Klubak Bidasoa eskualdeko Nesken Errugbi Eguna antolatu dute aurreneko aldiz. Martxoaren 14an, goizez, hezitzaileekin saioak antolatu dituzte Hendaiako Ondarraitz estadioan, eta errugbia probatu nahi duten 10 urtetik gorako neska guztiei dei egin diete. Edozein dela norbere baldintza fisikoa, errugbia adin guztietako emakumeentzat egokia dela erakutsi nahi dute.

Stade Hendayais eta Txingudi Rugby Klubak indarrak batu dituzte, eta Nesken Errugbi Eguna antolatu dute lehen aldiz. Txingudikoek emakumeen taldea osatu zutenetik urtero antolatu ohi dute halako topaketa bat Plaiaundiko zelaian. Azkena joan den irailean egin zuten errugbi eskola abiatu aurretik. Oraingoan, aldiz, Hendaian ospatuko dute emakumeen errugbia eskualdean osasuntsu dabilela.

Antolatzaileek azaldu dutenez, errugbian interesa duten gazteentzat bereziki, baina emakume guztientzat egokitutako proba saioak egingo dituzte martxoaren 14an Hendaiako Ondarraitz estadioan. Goiz osoan zehar 10 urtetik gorako eta errugbia probatu nahi duten neska guztiak bilduko dituzte. «Egun honetan adin guztietako emakumezko jokalariak elkartu nahi ditugu, errugbi eskolako txikienetatik hasi eta senior taldeetako jokalarietaraino», azaldu dute. Izan ere, bi klubetako harrobietan aritzen diren neska gazteez gain, haien amak ere deituak dira, taldeak osatu eta jokatzera. Ostiralero, Txingudiko errugbi eskolako amak entrenamendu propioa egiten baitute. Eta larunbatean, Bera Berako amekin osatzen duten Blasfemmes taldearekin partekatuko dute zelaia.

Hezitzaile tituludunek eta eskarmentua duten jokalariek gidatutako tailer ludikoak proposatuko dituzte kirol honen berezitasunak ezagutzeko. Argitu dutenez, goiza plakajerik gabeko 5eko errugbi partidekin amaituko dute eta partaideak adinaren arabera banatuko dituzte zelai ezberdinetan, haur, nerabe zein helduek izan dezaten beraien espazio propioa.

Goizeko kirol saioak amaitutakoan, denek bazkaldu bazkaldu, eta bi errugbi partida ikusteko aukera izango dute partaideek. 14:00etan Entente de la Nivelle emakumezkoen Sub18 taldeak, Akitania Berriko txapelketako partida jokatuko du Hazparneko taldearen aurka. Eta jarraian, 15:30etan, Biok Txingudik Uni Bilbao Bren aurka jokatuko du Euskal Ligako jardunaldian.