Euriari aurre eginez, gaur Dunboako osasun-zentroan mobilizatu dira agintariak busti daitezen eskatzeko

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 11

Martxoaren 18an (14:00tan) Hondarribiko Itsas Etxean luzatu dute hurrengo deialdia. Lehen Arretako Zentroen egoera kaxkarra salatzen dute, eta Bidasoko Ospitalean espezialista bat lortzeko itxaron-zerrenda luzeek anbulatorioetan eragin zuzena dutela oroitarazi dute osasun-langileek. Paziente berberak behin eta berriz jotzen baitu familia-medikuarengana, minez eta alternatibarik gabe.

Eguraldiak ez zuen gehiegi laguntzen gaur, baina Osasun Bidasoa Plataformako kideek Irungo Dunboa anbulatorioaren atarian luzatutako elkarretaratzeko deialdian ehun lagun inguru bildu dira 14:00etan. Joan den astean Osakidetzako Lehen Arretako osasun-zentroen artean paziente gehien dituen anbulatorioan elkartu ziren, Irungo Erdigunekoan. Baina horretan 38.000 lagun artatzen dituzten bitartean, Eusko Jaurlaritzak Oinaurren eraikiko duen hirugarren osasun-zentroa errealitate bilakatu artean, Dunboakoa ez da atzean geratzen. Bertan 33.000 paziente hartzen baitituzte.

Plataformako kideek oroitarazten dutenez, Osakidetzak osasun zerbitzu sarean itxaron-zerrenda 56 egunekoa dela aitortua duen bitartean, ESI Bidasoan nabarmen gainditzen ditugu ratio horiek. Errehabilitazio zerbitzuan 118 eguneko itxaronaldiak, eta Traumatologian 178 egunekoa dela azpimarratu dute. «Horrek esan nahi du, belauneko minez medikura joan eta meniskoa apurtuta duzula diagnostikatuz gero, espezialista ikusteko sei hilabete itxaron beharra dagoela», ohartarazi du osasun-langileetako batek. Eta horrek, Dunboa bezalako Lehen Arreta zerbitzuetan eragina duela gogoratu du, izan ere, paziente berbera behin eta berriz jotzen du anbulatorioko familia-medikuarengana minez, eta lan baja edota botika bidez tratamendua luzatzeaz gain, ezer gehiago egin dezakete. 

Hurrengo mobilizazioak

Bidasoaldeko jendarteak kaleak har ditzan mobilizazio egutegi zabala antolatu du Osasun Bidasoa Plataformak. Martxoaren 28ko mobilizazio handia dute denek begiz jota. Joan den apirilaren 14an Bidasoko Ospitalean itxi zituzten Larrialdi Pediatrikoen aldeko mobilizazio zabala egingo dute egun horretan Bidasoa Ospitalean, 18:00etan. Larunbatean izango denez, «ahal bezainbeste jende hurbil dadin» espero dute. Baina mementoz, eskualdeko Lehen Arreta Zentroen atarietan jarraitzen dute, astero, asteazkenero. Kontzentrazioak 14:00etan deitu dituzte osasun langileen txanda aldaketarekin bat eginez, haiek ere mobilizazioetara batu daitezen.

Irungo Erdigunean eta Dunboan elkarretaratzeak egin eta gero, martxoaren 18an Hondarribiko Itsas Etxea osasun-zentroaren atarian egingo dute. Eta martxoaren 25ean Irungo Osasun Mentaleko Zerbitzuaren atarian, Ama Xantalenen.