Martxoaren 22ko bigarren itzulira begira dira dagoeneko, Hendaia Elgarrekin, Hendaia Biltzen eta Vivre Hendaye zerrendetako hautagaiak. Atzo etxean geratu ziren hendaiarren bozka eskuratzeko astebeteko kanpaina dute aurretik. Izan ere, %42,88ko abstentzioa eman da lehen itzulian, eta 2020ko hauteskundeekin alderatuta parte-hartzeak 10 puntu egin du gora, baina Kotte Ecenarro auzapezak gogoratu duenez, pandemiak baldintzatutako bozak izan ziren haiek.
Haietan bezala, oraingoan ere Ecenarro buru duen zerrenda izan da bozkatuena lehen itzulian. Baina aldea handia da. Izan ere, Hendaia Elgarrekin taldeak %42,82 egin du, 2.480 bozkarekin. Baina lehen itzulirako hastapenetik egina zuten aliantza, hain justu, agintaldi honetan oposizio talde nagusia izan den Goazen Aitzina taldearekin elkartuta. Bien artean %73a egin zuten duela sei urte.
Kotte Ecenarrok, hala ere, 2020an bakardadean lehen itzulian lortutako %41,08a «apur bat» hobetu duela dio. Irabazi duelako kontent agertu bada ere, bi gauza nabarmendu ditu Ecenarrok. «Abstentzioa nabarmena izan da batetik, eta bestetik agerian geratu da, pentsatu zitekeenaren kontra, eskuinak bere lekua duela Hendaian», azpimarratu du Ecenarrok. Izan ere, 1.538 bozka eskuratu ditu Tristan Protau hautagaiaren Vivre Hendaye zerrendak. Les Republicans alderdiko kideak bozken %26,55 egin du Hendaian aurkezten zen lehen aldian.
Baina bigarren indarra, Hendaia Biltzen izan da. Abertzaleek 2014an %12a egin ondotik, aurrekoetan %18a eskuratu zuten. Oraingoan, berriz, duela sei urteko 768 bozketatik 1.774ra emendatu dute haien emaitza, ororen %30,63 eskuratuz. Laetitia Navarron hautagaiaren ustez, «emaitza historikoak» izan dira, eta bigarren itzulira begira dira jada. «Ez gara batere desmobilizatuko, 4.500 hendaiarrek ez dute parte hartu bozketa honetan, eta beraz, bada emaitzak hobetzeko aukera heldu den igandean», dio Navarronek. Egindako kanpainarekin «biziki kontent» agertu da, bere ustez «etxebizitza, lurraren eta ingurumenaren zaintza eta jarduera ekonomikoa urte guzirako sustatzeko proposamenak hendaiarrengana iritsi dira».
Biriatun berandu eta estu
Bien bitartean, eskualdeko herri txikienean, Biriatuko 1.297 biztanleetatik 983 inskribatuak ziren udal hauteskundeetarako. Horietatik 665 lagun hurbildu ziren herriko etxera atzo Biriatun Bizi ala Altxa Biriatu zerrenden alde bozkatzera. Eta 18:00etan hauteskunde kutxak itxita, arazoak izan zituzten bozka kopuru eta sinadurak egiaztatzeko. Ordubete berantarekin hasi ziren bozkak zenbatzen. Eta 2020an bezala, estu joan zen.
Azkenik, abertzaleak pozik dira emaitzarekin. Izan ere, Biriatun Bizik 333 bozka eskuratu ditu, 2020ko 309 bozken aldean. Mixel Hiriarten Altxa Biriatuk (316 guztira) baino 17 gehiago. Duela sei urte sei botoengatik galdu zuen Hiriartek agintea, 31 urtez auzapeza izan ondotik. Eta igande honetan, 82 urte dituela agintea berreskuratzeko saiakera egin badu ere, biriatuarrek ezkerretik eta abertzaleekin jarraitzea erabaki dute. Hiriart ez zen bozka bulegotik pasa egin ere zenbaketa denboran.
Solange Demarcq-Egiguren auzapezak ez du errepikatu, baina bere zerrendakide Odil Cornu da auzapez berria. «Bozketa estu joan da beti bezala, baina pozik gaude gure politikak egiten jarraitu ahal izateagatik herrikoen alde», adierazi du Antxeta Irratian.
Horiek hala, Biriatun hauteskundeak amaitu dira. Hendaian, aldiz, astebeteko kanpaina, eta bigarren itzuli bizia falta da oraindik. Dena erabakitzeko dute.
Herritar anitz bildu zen Biriatun, estu joan zen bozka zenbaketa bertatik bertara jarraitzeko jakin-minez.