Gaur greba orokorra egitera deituta daude Hego Euskal Herriko langileak. ELAk eta LABek bultzatu dute protesta, eta haiei batu zaizkie ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak ere. “Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko” lelopean Baztan-Bidasoan 17:30ean (Donezteben) eta Behe Bidasoan, (Mendeluko Zubimuxu biribilgunetik Irungo San Juan plazaraino) 18:00etan eskualdeko manifestaziora deitu dute.
Azken honetan, Ikasleen Blokea (Agirre kafetegia aurrean) eta Pentsiodunen Blokea (Txanaleta plazan) batuko zaizkie manifestariei. Txingudiko Pentsiodunen Plataformak aditzera eman duenez, «Irunen gutxienez mila pentsiodun daude 850 euro baino gutxiagoko pentsioa kobratzen dutenak, eta horrekin ezin da inolaz ere bizi». Euskal Herrian bizitza Espainiako Estatuko batez bestekoa baino garestiagoa dela oroitarazi dute sindikatuek ere, eta Oarso-Bidasoko LAB sindikatuko ordezkaria Aratz Alzagak gogoratzen duenez, «lan egin eta pobre izaten jarraitu beharrean, soldata duin bat aldarrikatzen duen greba denez, herritarren artean harrera ona izan du».
Industria eta merkataritza
Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea, eta 1.500 eurokoa izatea aldarrikatzen du euskal gehiengo sindikalak. Eta ELA eta LAB sindikatuen arabera, greba orokorra «jarraipen zabala» izaten ari da. Nabarmendu dute industriako enpresa batzuetan ekoizpena «erabat geldirik» dagoela. Bidasoaldean, adibidez, Irungo CAF lantegia itxita dago, 236 langileek egindako bozka loteslean, 178 beharginek bat egin baitute grebarekin. LAB sindikatuak azaldu du, Irungo Tesa ere enpresan ere, langileen %70 inguruk egin duela greba.
Bortzirietan, aldiz, Lesakako ArcelorMittal enpresan ekoizpena gelditu egin dutela aditzera eman dute sindikatuek.
Goizeko 6:00etan hasi dira pikete Gabiria eta Ugaldeko industriaguneetan informatzen, eta ondoren LAB sindikatuko Oarso-Bidasoko ordezkaria Aratz Alzagak Antxeta Irratiak egindako jarraipen berezian azaldu duenez, 60 bat ibilgailuk osatutako autokarabanak eskualdeko errepide nagusiak blokeatu dituzte 45 minutu inguru, Irungo Stadium Galetik eta Hondarribiko Eroskitik abiatuta. Eragina GI-636 errepidean izan du batik bat, Hondarribitik eta Irundik Gaintxurizketarako noranzkoan joateko autolerroak sortu baitira. Hala ere, ohi baino trafiko gutxiago egon da.
Bortzirietan, aldiz, Lesakako Zalain industriagunean elkartu dira grebalariak 8:30ean LAB sindikatuak deiturik. Nafarroako LAB sindikatuko Industria arduraduna, Asier Calderonek azaldu duenez, «Donezteben 17:30ean mobilizatzera deituak dira Baztan-Bidasoko langileak lan baldintza duinen alde». Izan ere, Hego Euskal Herrian 307.000 langile daude gutxieneko soldata 1.500 euroko izateak eragingo lioketena, horien artean 3tik 2 emakumezkoa.
Irun polo komertziala dela kontuan hartuta, sindikatuen piketeak Mendibil merkataritza-zentroan sartu dira. Eta ertzainak ere sartu dira bertara. Antxeta Irratiak hurbiletik jarraitu du ekintza, eta gutxienez bi lagun identifikatu ditu Ertzaintzak. Piketelari bat Mendibil merkatal-zentroan, eta Antxeta Irratiko kazetari bat Colon ibilbidean.
ELA sindikatuak egin duen lehen balorazioan, komertzio askok ateak itxi dituztela jakinarazi du, baina kate handi asko funtzionatzen saiatu direla nabarmendu dute: «Zara, BM batzuk, Alcampo, Carrefour, Mercadona… saltoki handiek jende asko dute eta oso zaila da beren dinamika gelditzea. Piketeez gain, horietan intzidentzia notatzeko delako, gainontzean ez dute itxi».
Garraioa, hezkuntza, osasungintza
Zerbitzu publikoetan ere, grebaren jarraipena zabala izaten ari dela jakinarazi dute sindikatuek. Hondarribiko Udalak atzo aurreratu zuen BAZ bulegoa itxira egongo dela egun osoan. Eta Hondartza Kiroldegia 9:15ean ireki badute ere, igerilekua 7:30etik 14:30era eta 16:00etatik 17:00etara itxita dago. Irungo Udalak, aldiz, hainbat udal zerbitzutan eraginak izan daitezkeela ohartarazi du. Baina Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gogoratu ditu. Ikastetxeetako sarrera kontrolatzea bermatzeko atezain zerbitzua eta Udal Haur Eskolaren eraikina eta gutxieneko zaintza ez ezik, jangela ere bermatu dutela. Udal Kontserbatorioan klaseak ezin izan dituzte bermatu, baina ikastegiko sarrera kontrolatzeko pertsona bat mantendu dute zerbitzua irekia atxikitzeko.
Era berean, ezinbesteko zerbitzuetan ere, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kasuan, II. edo III. mailako mendekotasun egoeran dauden pertsonei otorduak, eguneroko higienea eta ohiko zerbitzuak mantendu dituzten bitartean, etxebizitza komunitarioetan, langileen %50a bermatu dute zerbitzu minimoetan.
Bestalde, Osakidetzan, gaur hitzordua zuten pazienteen itxaron-lerroak sortu dira Irungo Erdiguneko eta Dunboako anbulatorioetan, grebaren ondorioz.
Eta garraio publikoan, aldiz, Irunbus zerbitzuetan eta Ekialdebuseko eskualdeko lineatan Eusko Jaurlaritzak agindutako zerbitzu minimoak %30koak dira gaur. RENFEko aldiriko tren zerbitzuetan ere gorabeherak eman dira goizeko lehen orduetan, Gipuzkoan trenbide eremu oztopatu dutelako.

Hezkuntzan ere, nabarmena izaten ari da grebaren eragina. Irungo Pio Baroja institutuan «ikasle gutxi batzuk besterik ez dira azaldu» Ikamak jakinarazi duenez. Arratsaldeko 18:00etan eskualdeko manifestazioan parte hartuko duen Ikasleen Blokeko kideak goizetik aritu dira Pio Barojan eta Bidasoa Lanbide Heziketako institutuetako atariak blokeatzen. Antxeta Irratiak jakin izan duenez, Dunboa ikastetxean, Txingudi Ikastolan, Eguzkitza, Leka Enea eta Toki Alai eskola publikoetan hezkuntza zentroak zabalik mantendu dituzten arren, DBHko ikasleen eta irakasleen artean izan du eragina batik bat. Txingudi BHIren kasuan, irakasleen %53ko jarraipena izan du grebak. Txingudi Ikastola LH (%41) eta hezitzaile berezien %100. Toki Alai ikastetxean, aldiz, irakasleen %38,5ekoa izan da jarraipena, eta hezitzaileen %50k egin du greba.
Hondarribian, aldiz, eragin txikiagoa izan du. Talaia eskolan, adibidez, eraikinak irekita egon dira eta zerbitzu minimoak bermatu dituzte. Irakasleen %34k greba egin du Talaia-Bordarin. Eta era berean, Satarkan (HH) jantoki zerbitzua bermatu duten bitartean, koxkorragoentzat, Biteri eta Bordari eskoletan ez da jantokirik izan.

Eguerdian Donostian, lurraldeko manifestazioa egin dute. Arratsaldean, aldiz, eskualdeka mobilizatzera deitu dute. 18:00etan eskualdeko manifestaziora deitu dute sindikatuek Mendelutik Irungo San Juan plazara. Bortzirietan ere Lesakako Zalain industriagunean aritu dira, eta Donezteben 17:30tan deitu dute manifestazioa.
Ertzainek grebalariak Irungo Mendibil merkatal-zentrotik kanporatu dituzte. 