Edateko uraren kalitate kontrolak normaltasunez egiten direla segurtatu du Txinzerrek

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 17a

Lan hitzarmena berritzeko lan gatazka dela eta, 30 langile inguruk 72 greba egun bete dituzte gaur. Haatik, otsailaren 11tik greba mugagabera jo zutenetik, sozietate publikoak horren eragina ukatu duen bigarren aldia da honakoa. Irungo eta Hondarribiko bezeroak lasaitu nahi izan ditu Leire Zubitur gerenteak, uraren kudeaketaren zikloan egin beharreko kalitatearen kontrol sistemak bere horretan mantentzen dituztela argituz.

Behe Bidasoa eskualdean kontsumorako uraren kalitateari dagokionez, Osasunaren Kontrol eta Zaintza Unitatea den heinean, edateko uraren kalitatea etengabe kontrolatzen dela, azpimarratu du Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileak. "Indarrean dagoen araudiak ezarritako protokolo tekniko eta sanitarioen arabera egiten ari dira kontrolak", argitu du. Bistan denez, kontrol hori sozietate publiko honek eskaintzen dituen funtsezko zerbitzuen parte denez, gutxieneko zerbitzuak ezarrita ditu jarraitutasuna bermatzeko, gaur egungo greba mugagabearen egoera dela eta.

Testuinguru horretan, Zubiturrek azaldu du, laborategiko lanpostuak gutxieneko zerbitzu gisa lanean jarraitzen dutela, eta bertatik egiten direla beharrezkoak diren analisiak eta kontrolak. Beraz, "urak une oro osasun araudiak ezarritako parametroak betetzen ditu". 

Era berean, hornidura eta saneamendu sistemen jarraipena normaltasunez egiten jarraitzen dela, eta horri esker eskualdeko etxeetara iristen den uraren kalitatea bermatzen ari direla ziurtatu du Txinzerreko arduradunak. 

Alde horretatik, "azken asteetan sare sozialetan uraren kalitatea zalantzan jartzen duten mezuak" kontuan hartuta, eta egoera honek bezeroengan eragin dezakeen kezkaren aurrean, Zubiturrek zerbitzu honekin lotutako edozein kontsulta argitzeko ohiko komunikazio bideak erabiltzeko gomendatu du. Eta informatzeko erakundearen informazio kanal ofizialak aintzat hartzeko eskatu du, Facebook eta Instagram kontuak, doako arreta telefonoaren bidez (900 119 384), posta elektronikoaren bidez (txingudi@txinzer.eus) edo Herritarren Arretarako Bulegoan, Junkal kalea 26, behekoa (Irun) helbidean, 08:30etik 14:00etara. Izan ere, Hondarribiko bulegoak itxita jarraitzen du.